Bazkide kanpaina hasiko du Elgoibarko Baso Biziak taldeak

Barren.eus 2022ko aza. 8a, 14:52

Bertako basoa sustatzeko asmoz sortu zuten Elgoibarren Baso Biziak elkartea, naturaz eta gure basoek azkenaldian duten egoera "tamalgarriaz" kezkatuta. Orain, bazkide-kanpaina bat jarriko dute abian, jendea taldera batzeko. Horrez gainera, bi hitzaldi ere antolatu dituzte datozen egunetarako.

Bariku honetan, azaroaren 11n, hasiko du bazkide kanpaina Elgoibarko Baso Biziak elkarteak. Barikuan Kalegoen plazan egongo dira, 18:00etatik 20:00ak bitartean; eta, zapatuan Kalebarren plazan, Kultur Etxe aurrean, 11:30etik 13:30era. Aurreratu dutenez, datozen hiru asteburuetan irtengo dira kalera bazkide bila, aipaturiko leku eta orduetan. Hala ere, elkarteko bazkide online bidez egiteko aukea ere izango da, euren sare sozialen bidez.

Gogora ekarri dute elkarte honen helburua Elgoibarren bertako basoa sustatzea dela; landare eta animaliei babeslekua eskaini eta errekak osasuntsu mantenduz, guztion bizi kalitatea hobetu eta Elgoibar eta inguru bizigarriago bat eraikitzeko. "Gure asmoa da, jabeek utzitako sailetan edo formula desberdinen bidez erositako lursailetan (bazkide kuotarekin, enpresen laguntzarekin eta entitate desberdinen arteko elkarlanekin) bertako basoa errekuperatu eta zaintzea. Bazkideen dirua hainbat ekintzetarako erabiliko dugu: lurrak erosteko, zuhaitzak landatzeko, irteerak antolatzeko, hitzaldiak antolatzeko, eta antzerakoak", azaldu dute.

 • Bi hitzaldi
Elkartekoek bi hitzaldi antolatu dituzte datozen asteetarako.

  • “Pinutik eukaliptora? Euskal Herriko basogintza auzitan”: Arturo Elosegi ekologia katedradunak emango du hitzaldia, azaroaren 15ean, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:00)
  • "Eta orain zer? Bestelako basogintza eredu baterantz": Basogintza, ingurumena eta ikerketa bateratu nahi dituen Errez kooperatibako kideek emango dute hitzaldia, azaroaren 22an, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:00)

 

∞Lotura duten albisteak: