Herriko norbanako eta eragileen atxikimenduak jaso dituzte 24/7 Plataformakoek biharko mobilizazioaren harira

Barren.eus 2022ko urr. 28a, 08:48

24/7 Plataformak mobilizazio eguna izendatu du biharkoa. Elgoibarko Anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabalik egoteko borrokan ari da 24/7 Plataforma azken bi urteotan, eta bide horretan aurrera egiteko, herritarrak batu nahi dituzte, osasunak "herritar guztiei" eragiten dielako. Biharko mobilizazioaren harira, herriko norbanako eta eragileen atxikimenduak jaso dituzte.

Maalako parkean hasiko da ekitaldia 12:30ean, eta kalejiran joango dira Kalegoen plazara. Han, umeentzako ekintzak, bertsolariak eta musikariak izango dira, eta 13:30ean kontzentrazioa egingo dute.

24/7 plataforma osasungintza publikoa indartzeko eta Elgoibarko anbulatorioko zerbitzua lehengora bueltatzeko borrokan ari da. Anbulatorioa zabalik nahi dute, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan, osasuna ez delako "txantxetako kontua". Plataformako kideek salatu dute Elgoibarko anbulatorioak "murrizketa ugariak eta jarraiak" izan dituela azken urteetan, eta beraien ustez Covid-19aren pandemia aitzaki bat besterik ez da izan, Osasun Sailak aurrez planifikatuta zeukan plangintza betetzeko. 2010. urtera arte Elgoibarko anbulatorioa irekita egoten zen, astelehenetik domekara, eguneko 24 orduetan. Urte hartan gaueko larrialdi zerbitzua kendu zuten, eta anbulatorioa gauerdian ixten hasi ziren, 00:00etan. Erabaki hark herritarren gaitzespena ekarri zuen, eta larrialdietako zerbitzuko langileek itxialdia egin zuten protesta gisa. Garai hartan Udalean ordezkaritza zeukan Eusko Alkartasuna alderdi politikoak sinadura bilketa egin zuen larrialdi zerbitzua berreskuratzearen alde, eta 2.000 sinadura baino gehiago bildu zituen. "Baina sinadura horiek ez zuten ezertarako balio izan", esan dute plataformatik, egoerak okerrera egin baitzuen, anbulatorioa 20:00etan ixtea erabaki zutenean. Eta orain dela bi urte, Covid19-aren pandemia iritsi zenean, anbulatorioa ixteko ordutegia 17:00etan ezarri zuten, eta lanegunetan eta asteburuetan anbulatorioa ixtea erabaki zuten, larrialdi zerbitzu guztia kenduta. "Osasun Sailak adierazi zuen pandemiak bultzatuta hartutako moldaketa izan zela, eta osasun egoerak hobera egin ahala, pandemia aurreko ordutegia berreskuratuko zutela, baina gezurra zen", esan dute haserre plataformatik, anbulatorioko zerbitzuak egoera berean jarraitzen duelako.

 • Mobilizazioak
Egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, Elgoibarko pentsiodunen mugimendua eta herriko beste hainbat eragile 24/7 plataformaren bueltan biltzen hasi ziren, Elgoibarko anbulatorioan larrialdi zerbitzu iraunkorra berreskuratzeko, 2010era arte egon zen bezala. Mobilizazioei lotuta, 4.000 sinadura biltzeko helburua zeukan kanpaina egin zuten iaz, eta urte amaierarako 5.501 sinadura lortu zituzten: "5.501 bizilagunek anbulatorioko larrialdi zerbitzu iraunkorra berreskuratzea eskatu zuten; 18 urtetik gorako herritarren %60 baino gehiagok. Zalantzarik gabe, udalerri honetan egin den mobilizazio handienetakoa izan da". Aurtengo martxoan eraman zituzten sinadura horiek Eusko Legebiltzarrera, eta zazpi hilabete geroago, erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "EAJk eta PSOEk blokeatuta daukate gure agerraldi eskaera, eta guk zain jarraitzen dugun bitartean, Urkullu lehendakariak Elgoibarren anbulatorio berria eraikiko duela iragarri du". Plataformatik haserre erantzun dute: "Badirudi ez dutela ulertzen gure mezua; elgoibartarrok anbulatorioa zabalik nahi dugu". Mendaroko eta Eibarko ospitalak gertu daudela esan du Osasun Sailak, baina plataformako kideek diote adineko jendeak zailtsunak izaten dituela desplazatzeko, eta larrialdi zerbitzua herrian bertan eduki behar dugula aldarrikatzen dute, Osasuna "herritar guztion" kontua delako. "Ez gaituzte isilduko, gure osasunaren alde borrokan segituko dugu", aldarrikatu dute.

Guzti hau kontuan hartuta, mobilizazio eguna antolatu dute biharko. Maalako parkean hasiko da ekitaldia 12:30ean, eta kalejiran joango dira Kalegoen plazara. Han, umeentzako ekintzak, bertsolariak eta musikariak izango dira, eta 13:30ean kontzentrazioa egingo dute. "Ez gaituzte isilduko, gure osasunaren alde borrokan segituko dugu".

 • Egitaraua

  • 11:00 Musika, eta umeentzako ekintzak. Kalegoen plazan.
  • 12:00 Aldarrikapen-kalejira, Haritz Dantza taldearekin, Kalegoen plazatik hasita.
  • 13:00 Bertsoak eta aurkezpena, Anjel Ugartebururen eskutik.
  • Jarraian, musika: Oier Gurrutxaga eta Gabi eta Alfonsorekin.
  • Ondoren, manifestuaren irakurketa.

 • Norbanakoez gain, ondorengo erakundeek eman dute atxikimendua:
Enpresak komiteak

  • Elgoibarko Udaleko langile batzarra
  • Ferreteria Unceta
  • Alkorta
  • Rodisa
  • Egondo
  • San Lazaro Egoitzako langileak
  • Teknikalde
  • Spool


 • Alderdi politikoak

  • EH Bildu
  • Podemos

 • Sindikatuak

  • ELA
  • LAB
  • STEILAS


 • Elkarteak eta mugimenduak

  • Haritz Dantza Taldea
  • AEK euskaltegiko langileak
  • Duintasuna
  • Narrutsik
  • Elgoibarko Gazte Asanblada
  • Ernai
  • Zarta
  • Taupada
  • Urazandiko auzo-elkartea
  • Merkatu Plazako Fruta dendak
  • Aizu! ostalarien elkartea
  • Tawasol
  • Txankakua Merkatari Elkartea

 

∞Lotura duten albisteak: