12:00etan izango da elkarretaratzea, Elgoibarko anbulatorioaren atarian.
Aurreko astean Elgoibarren anbulatorio berria egiteko prozesua martxan dela zabalduta berria hizpide izan dute 24/7 plataformakoek mobilizazio berrak iragartzeko zabaldu duten oharrean. Plataformak gogorarazi du inoiz ez dutela anbulatorio berririk eskatu. Elgoibarko larrialdi zerbitzu iraunkorra berreskuratzea zela eta dela euren eskaeren muina gogora ekarri dute, bizilagunak Eibarrera edo Mendarora joan behar izan ez daitezen, astelehenetik ostiralera 17:00etatik aurrera edo asteburuetan larrialdi medikua izanez gero. "Osasun zentro berri bat edukitzeak ez du gabezia hori konponduko. Zentro berriaren ezaugarriak ere ez dituzte azaldu, ez handiagoa edo txikiagoa izango den, ezta bere kokapena ere... EAJko eta PSOEko jaun-andreok: Elgoibarko herriak ez dizue inoiz auto berria eskatu, daukagun autoa ibiltzeko erregaia eskatzen dugu. Erregaia ekarri ezean ez da ibiliko ez auto berria ez orain daukaguna", adierazi dute.
Gaineratu dute, EAJren eta PSOEren herriko eta autonomia erkidegoko agintariek ez dutela ezer ulertu, eta entzungor egin dietela euren arazoak konpontzea eskatu dieten 5.501 elgoibartarrei, batu zuten sinadura kopurua gogoan. "Anbulatorio berria egitearen iragarpenak ez dauka zerikusirik Elgoibarren dauden arazoekin, propagandarekin eta hauteskunde interesekin zerikusi handiagoa du", esan dute.
Elgoibarko 24/7 plataformak azpimarratu du lanean eta mobilizatzen jarraituko duela bere eskaerak entzunak eta erantzunak izan artean, eta gogora ekarri dute oraindik ez dagoela egunik jarrita Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordetik pasatzeko -agerraldia egitea eskatua dute-, EAJk eta PSOEk duela hilabete batzuetatik "blokeatuta" dutelak-eta eskaera hori.