Glencree ekimena 2007ko neguan jarri zen abian. Hamar biktimaz osatutako taldea, bost ETAko kide eta beste horrenbeste GAL eta eskuin muturreko taldeen biktima elkartu ziren lehen aldiz. Iritzi politiko, sentsibilitate eta biktimizazio ezberdinak jasandako lagunen topagunea izan zen. 2012ko udaberrian amaitu zuten prozesua. Jende aurrean agertu ziren lehenengoz, bost urtetan ezkutuan bildu ondoren. Agerraldi horretan, elkarrekin adostutako agiriaren berri eman zuten. Bertan, partekatuko bizipenak jaso zituzten, jasandako biolentzia guztia errotik bidegabea dela esanez.
Dokumentala Arabako Murua herrian eta Irlandako Glencree hirian grabatu zuten. Hiri horretan dago, hain zuzen ere, Irlandako Adiskidetzearen eta Bakearen aldeko Etxea.
Dokumentaleko protagonistetako bi Elgoibarrera etorriko dira gaur. Maixabel Lasa da bat, ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren alarguna eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohia. Edurne Brouard da bestea, 1984ko azaroaren 20an GALek hil zuen Santi Brouard medikuaren alaba. Biek hartuko dute parte dokumemtalaren emanaldiaren ostean egingo duten mahai-inguruan. Ekitaldi hau Elgoibarko Kultur Etxean izango da, 19:00etatik aurrera.
•Invictus filma, eguenean
Bihar (urtarrilak 28), berriz, Invictus filma eskainiko dute Elgoibarko Herriko Antzokian, 21:30etik aurrera. Clint Eastwoodek 2009an zuzendu zuen film hau benetako gertakizunetan oinarrituta dago, Hegoafrikan 1995. urtean jokatu zen Munduko Errugbi Kopan, apartheid garaiak amaitu berri-berriak zirenean, Nelson Mandelak izandako papera kontatzen da.
Otsailaren 3an, azkenik, Sabino Ormazabalek 'Memoria partekatu bateruntz', izeneko hitzaldia eskainiko du Kultur Etxean. Indarkeria-ez aktiboaren bultzatzaileak Errenteriako esperientzia azalduko du, Kultur Etxean 19:00etatik aurrera. (ikus Bakea eta Bizikidetza Eraikitzen jardunaldien programa)