Otsailean zabaldu zen Green Capital Development enpresaren asmoen berri eta martxo hasieran abiatu zuen enpresak Karakate gainean bi dorre elektriko jartzeko prozedura [Martxoaren 4an argitaratu zen Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia]. Lehiakideak aurkezteko epea zabaldu zen orduan, baina barikuan jakin zen ez zela beste enpresarik aurkeztu. Orain, beraz, sei hilabete izango ditu enpresak exekuzio proiektua aurkezteko. Proiektuarekin batera, zentral eolikoa eraikitzeak ingurumenean eragingo duen inpaktuaren gaineko txostena ere aurkeztu beharko du, eta alegazioetarako tartea zabalduko dute gero. Jaurlaritzak hartuko du azkenean behin betiko erabakia.
Madrilen du egoitza Green Capital Development enpresak eta lau parke eoliko egin nahi ditu Gipuzkoan: Buruza [Azkoitia-Zumarraga eta Urretxu udalerriak ukitzen ditu], Trekutz [Urretxu-Antzuola], Ezkeltzu [Zizurkil-Usurbil] eta Karakate. Soraluze eta Elgoibar herriei eragiten die azkenak. Ez da kontu berria gurean. Izan ere, 2002an ere proiektatu zuten beste parke eoliko bat bat inguru horretarako, baina ez zuten gauzatu, hein batean herritarrek eta inguruko udalek egin zuten presioagatik. Orduko hartan, Karakatetik Irukurutzetarainoko mendilerroan hogei dorre eoliko egitea aurreikusten zuten, baina Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak atzera bota zuen 2002ko martxoaren 7an. Arrazoi nagusitzat bertan dauden metal garaiko aztarna arkeologikoak hartu zituen.
Orain ere, inguru hori babestu beharreko gunea dela arrazoitzen dute Karakate Bizirik plataformetakoek, balio naturala eta mendilerro osoan Aranzadik egindako aurkikuntzak arrazoituta. Berez, interes bereziko gune izendatua dago Karakatetik Gizaburuagako tumulora arteko lursaila, balio geologikoa eta naturalistikoa aintzat hartuta, baina zatirik handienean salbuetsita dago babes maila handiena emango liokeen Plazentzia Elosua estazio megalitikoaren izendapenetik. Gizaburuagako tumulua estazio barruan dago, baina babes hori Otsoaldasaro ingururaino iristen da, GEO Euskadik emandako datuen arabera, eta beraz, egin nahi duten parkearen barruan geldituko lirateke azkena egindako aurkikuntzetako bi. Mendi gain guztia estazio megalitiko izateak emango lioke babesa eremu horri. Hori bai, Jexux Tapia Aranzadiko Historiaurrea Saileko adituak zehaztu du: "Horrek ez du esan nahi estazio megalitiko batean ezin denik ezer egin, baina bai egiten diren jarduera guztiak kontrol arkeologiko batekin egin beharko direla, estazio megalitikoa mugatzeko arrazoiak eta balioak ez direla urratzen bermatu behar baita".
• Proiektuaren ezaugarriak
Bi dorre elektriko jarri nahi dituzte kilometro pasatxoko zatian, Karakatetik Gizaburuagako artean: Akilarren bata, eta Otsoaldasoron bestea, kilometro koadro erdiko eremuan. Haize errota bakoitzak 4,8 KW-eko potentzia sortuko luke. Guztira: 9,6 MW. Aurreproiektuan jasotakoaren arabera, dorre bakoitzak 101 metroko altuera izango luke, eta hegal bakoitza, berriz, 77 metro luze izango litzateke. Beraz, guztira, hegal eta guzti, haize
errota bakoitzak 178 metroko garaiera izango luke. Alderaketak ere egin dituzte Karakate Bizirik plataformakoek: Elgoibarko San Bartolome parrokiak halako lau neurtuko luke haize errota bakoitzak eta Bilboko Iberdrola dorreak beste -42 metroko altuera du parrokiak eta 165 metro garai da Iberdrola dorrea-. Han bertako adibidea erabilita, Karakateko antena bera baino bi aldiz handiagoak lirateke haize errotak, 67,3 metro dituelako antenak. Dorreen oinarriek, bestalde, 25,8 metroko diametroa izango lukete, eta hiru metroko sakonera, lurpean.
Bi haize errotek sortuko luketen energia Azkueko zentralera ekarriko lukete gero lurpeko kableatuaren bidez, handik sare orokorrera lotzeko. Haize errotak eraiki asmo dituzten lekutik Azkuera, 4,8 bat kilometroko bidea dago kable-sarez lotzeko. Aurrekontu osoa 10.762.918 eurokoa da, aurreproiektuaren arabera beti ere.
• Kontrako argudioak
"Astakeria hau gelditu behar dugu", azpimarratu du Andoitz Agirregomezkortak, Morkaiko Mendizale Elkarteko eta Elgoibarko Karakate Bizirik plataformako kideak. Akilarren eta Otsoaldasoro gainean ipini asmo dituzten
haize errotek Elgoibarko mendizaleek duten "arnasgune eta leku kuttunetako bat" zeharo hondatuko lukeela zabaldu zuten Morkaikotik otsailean, lantaldea eratzeko deia egin zutenean. Apirilean sortu zuten plataforma eta proiektua gelditzeko asmoari beste bat gehitu zioten: eredu energetiko alternatiboen inguruan gogoeta egitea.
Soraluzen pauso bat aurrerago zihoazen ordurako. Martxoko osoko bilkuran, ahobatez onartu zuen hango udalak Mendigainean eolikorik ez! izeneko mozioa. Soraluzeko Udaletik esan zuten energia berriztagarrien alde zeudela eta jakin bazekitela halako proiektuak jartzeko ingurumen kalteak ekiditea saihestezina dela, baina hein berean, konpromisoa agertu zuten Dolmenen Ibilbidea proiektua bultzatzeko eta proiektuaren kontra alegazioak aurkezteko.
Karakateko mapa zabaldu du mahai gainean Agirregomezkortak. Proiektuak ukitutako azaleraren koordenatu geografikoak eta estazio megalitikoaren mugak markatuta ditu bertan, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren
erreferentziazko geoatariaren bidez (GEO Euskadi). "Hemen garbi ikusten da lau puntuak batuta, proiektuak Elgoibarri ere eragiten diola, haize errotak eurek Soraluzen kokatu nahi dituzten arren [aurreproiektuaren arabera, Elgoibarko mugatik hiru metrora eraiki asmo dute Akilarreko haize errota, eta mugatik bederatzi metrora Otsoaldasorokoa]. Ikusten dugu, era berean, estazio megalitikoaren azaleraren zati bat parke eolikoaren lau koordenatuak batuta sortzen den lauki luze horren barruan dagoela". Mapari erreparatuta, ikusiko dugu era berean, Aranzadik azkeneko topatu dituen bi megalitoak- Otsoaldasoro 1 eta 2- parke eolikoa eraiki nahi duten eremuaren barruan daudela eta Gortazarkoa mugan, baina kanpoan.
Baina bada gehiago ere, plataformakoen esanetan: laukiluze horrek harrapatzen duen Elgoibarko zatia -gaur pagadia dena- babes bereziko gunea da Elgoibarko Hirigintza Plan Orokorrean eta "babes integralera bideratutako erabilerak" baino ez daudela baimenduta hor. Hirigintza Plan Orokorrean bertan zehazten dituzte galarazitako erabilerak, eta tartean, parke eolikoak daude. Parke eolikoen definizioa ere jasota dago, bai eta parke eoliko baten elementu behinenak zeintzuk diren ere: aerosorgailua bera, parke barruko kanalizazio elektrikoa eta azpiestazioa. "Garbi dago beraz gure herriko arautegia urratuko lukeela, parke barruko kanalizazio elektrikoa Elgoibarko lurretan eraiki nahi dutelako eta haize errotek sortzen duten energia Azkueko zentralera ekarriko dutelako".
Ez du ulertzen Elgoibarko Udaletik eman dieten erantzuna: "Elgoibarko Udaletik esaten digute haize errotak Soraluzeko lurretan eraikiko dituztela, eta hala da, gure mugatik hiru metrora egongo delako Akilarkoa adibidez, baina haize errota horietako bakoitzak 25,8 metroko diametroa duen oinarri bat izango du, beraz, oinarri horrek bete-betean harrapatzen ditu gure lurrak". BARRENek galdetuta, Udaletik adierazi dute ez dutela momentuan ezer esateko: "Ez da proiekturik aurkeztu, ezta inolako eskaerarik egin ere. Ez dago proiekturik oraindik, eta sei hilabete ditu enpresak idazteko. Udala gaiaren jarraipena egiten ari da eta elgoibartarren interesen alde jardungo du. Bai berresten du Udalak Dolmenen ibilbidearen aldeko babes osoa". Azken horren harira aipatzekoa da otsaileko osoko bilkuran, ahobatez onartu zuela Udalak Dolmenen Ibilbidea kudeatzeko hitzarmena beste bi urtez luzatzea.
ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1243. zenbakian -PDF-