Pertsona migranteak erregularizatzeko sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute ostiralean, hilak 8, Mendaroko plazan. NAN edo Nortasun Agiri Nazionala duten 18 urtez gorakoek bakarrik sinatu ahal izango dute. Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimendutik jakinarazi dute 500.000 sinadura behar dituztela herri-ekimen legegilearen tresna erabilita, Kongresuari gaia eztabaidatzeko eta legea onartzeko proposatzeko. Sustatzaileek ohartarazi dute migranteak oinarrizko zerbitzu publikoetatik baztertuta daudela, hala nola hezkuntza eta osasunetik, eta asko, gainera, lanean esplotatuta daudela. Era berean, gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima ere izan daitezkeela nabarmendu dute eta justizia soziala eta erreparazioa eskatu dute haientzat.