Elgoibar ere "ukitzen" du Karakaten ipini nahi duten parke eolikoak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera

Barren.eus 2022ko mar. 4a, 12:35

Karakate parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera argitaratu dute gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA). Elgoibarko Udalak adierazi du gaia gertutik jarraitzen ari direla.

Green Capital Development enpresak Karakaten bi aerosorgailu jartzeko egin duen eskaeraren berri ematen du EHAA-n argitaratutako iragarkiak. Eta, egitasmo honek "ukitutako udalerriak Soraluze eta Elgoibar" direla zehazten du. Era berean, instalatutako potentzia gordinaren (9,6 megawatt) eta izango kokapenaren berri ere ematen du iragarkiak, koordenatu geografikoen bidez.

2022 03 04 haize errotak Karakate koordenada geografikoak BARREN

Parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehian eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte hogei eguneko epean. Proiektua garatzeko eskaera boletin publikoetan argitaratuta, gutxi gorabehera, hamar hilabete joango dira proiektuaren tramitazio-burokrazia kontuetan. Epe horren barruan, alegazioak aurkezteko aukera izango da.

 

 • Proiektu bat dela, eta hastapenetan dagoela esan du Elgoibarko Udalak
Karakaten haize errotak jartzeko proiektuari "jarraipen estua" egiten ari direla erantzun du Elgoibarko Udalak Aldizkari ofizialean argitaratutako eskaeraren harira BARRENek eginiko galderari. "Parke eolikoa ez da Elgoibarko eremuan kokatzen, baina bai energia horren garraio sistema. Hasieratik horrela izan da hori [Ipiniko lituzketen bi haize errota horiekin sortuko litzatekeen energia Azkueko zentral elektrikora bideratzeko plana dago]. Hala ere, proiektu bat da eta hastapen fasean dago", adierazi dute Udaletik. Era berean, argitu dute Elgoibarko Udalak ez duela oraindik izapide eta tramite ofizialik egiteko eskaerarik jaso. "Beraz, Udalak, ez du ezer aipatzekorik" gai honen inguruan, baina gertutik jarraitzen ari direla gaineratu dute.

 • Eolikoen kontrako mozioa onartu dute Soraluzen
Muskiritzuko mendilerroan bi haize errota ipintzearen kontrako mozioa aho batez onartu zuen Soraluzeko udalbatzak, eguaztenean, 'Mendigainean eolikorik ez!' izenburu argiarekin. EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko ordezkari politikoek argi adierazi zuten energia berriztagarrien alde daudela, baina behin hori esanda, gaineratu zuten “jakitun” direla “energia berriztagarriak erabili arren ere saihestezina izango dela ingurumen kalteak ekiditea”.
Horregatik, uste dute “larrialdi klimatikoari aurre egiteko eman beharreko pausoak ahalik eta ekimen kontsentsuatu eta publikoenak bideratzeko” eman behar direla. Horregatik guztiagatik uste dute “mendigainean bi haize errota eraikitzea ez dela onargarria”.
Halaber, gogora ekarri zuten 2010etik Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalak eta Debemen eta Debegesa ari direla Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoa eta bertako ondare naturala, kulturala eta geologikoa babesten eta bultzatzen, Dolmenen Ibilbidea proiektuaren bitartez. (informazio osoagoa plaentxia.eus)

 • 'Tapia Legea'
Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak plaentxia.eus toki komunikabideari jakinarazitakoaren arabera, parke eolikoa ipini ala ez ipini erabakitzeko orduan Eusko Jaurlaritzak du azken berba, baina ezingo dute erabaki hori hartu 'Tapia Legea' baliatuta, izan ere, Tapia Legeak ekimen publikotik datozen proiektuetan bakarrik du eskumena. "Goi-mailako interes publikoko" proiektuen inguruko erabakimena udalei kendu eta Jaurlaritzari ematen die Arantxa Tapiaren sailak aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Legeak. Jaurlaritzak erabakiko du proiektu bati izendapen hori ematea ala ez.

∞Lotura duten albisteak: