Diagnostikoa osatzeko herrian erroldatu eta emantzipatu gabe dauden 310 gazte eta azken urteetan emantzipatutako 107 elkarrizketatu dituzte eta Etxebizitza Sailaren berariazkoo erroldaren azterketa eta EAEko estatistika-iturriak ere baliatu dituzte.
Erroldaren arabera 1.680 elgoibartar daude 18 eta 34 urteko adin tartean eta inkestaren emaitzek jakinarazi dute emantzipatuak %32 direla; hau da, hiru gaztetik bi ez daudela emantzipatuta. Adinak ere badu zeresanik honetan, izan ere, 18 eta 23 urte bitartekoen %4 dago emantzipatuta eta 24 eta 34 artekoetan %47. Horietan guztietan emakumezkoen emantzipazio tasa (%34,8) handiagoa da gizonezkoena (%29,6) baino.
Ane Beitiak diagnosiaren aurkezpenean adierazi duenez, emantzipazio planera begira egin dute azterketa eta egingo duten plana bera Udalaren apustua garbia da: “elgoibartarrek herrian bizitzeko eta beren bizi-proiektua hemen egiteko aukera izan dezaten nahi dugu herriaren etorkizuna bermatzeko”.. Bere esanetan, ardatz estrategikoa da Udal Gobernuarentzat etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, "etxebizitza eskuratzeko estrategia integrala bultzatzen dugu: alokairurako laguntzak, emantzipazio-laguntzak, merkaturatzeko etxebizitzen birgaitzea eta eraikuntza berria bultzatzea”.
Elgoibarko biztanleriak gora egin duen arren, gero eta pertsona gutxiago bizi da etxeko (batez beste 2,4 pertsona). Hori da eman duten beste datu bat, baina Maialen Gurrutxaga Gazteria zinegotziak hainbat azalpen eman ditu txosteneko hainbat daturen inguruan. Adinari erreparatuz adierazi du 18 eta 23 urte bitarteko gazteetan oso kopuru txikia dela emantzipatuena eta ikasketa prozesua luzatzeak eragina duela horretan. Bestalde, azpimarratu du emantzipatutakoen artean emakume kopurua dela handiagoa, “hori adierazgarria da kontuan hartuta askoren lan-egoera gizonezkoena baino txarragoa dela”.
Gipuzkoako eta Euskadiko batez bestekoarekin alderatuta, Elgoibarko etxebizitza merkatuaren egoera emantzipazio-prozesuen aldekoa dela esan du Gurrutxagak. Datuei erreparatuta erabilitako etxebizitzen batez besteko prezioa 200.000 eurotik beherakoa da, 2019ko datuen arabera, eta alokairuko etxebizitzen batez besteko errenta 500 eurotik beherakoa. Beraz, alokairuko eta, bereziki, jabetzako etxebizitza bat eskuratzeko ahalegin ekonomikoa Gipuzkoako edo Euskadiko gainerako lurraldeetako batez bestekoa baino txikiagoa da. “Baina hala ere ez da erraza, lana eta etxebizitzari dagokionez zailtasun asko dagoelako gazteetan”, esan du zinegotziak. Azterketak berak ere zehazten du, lan-merkatura berandu iristea eta langile gazteen prekarietate-maila handiak direla emantzipazioari modu negatiboan eragiten dioten funtsezko faktoreak. Diru-sarrerak oso txikiak dira: hiru gaztetik bi ez dira mileurista izatera iristen. 1.651 eurotik gorako soldata duten pertsonek soilik pentsatu ahal izango lukete etxebizitza banaka eskuratzea, eta familiaren laguntza eta/edo Gaztelagun edo alokairu libreko etxebizitza ordaintzeko udal-laguntza bezalako laguntza publikoak izanda.
Hala ere, Gurrutxagak esan du emantzipatu gabeen %24ak (177) horretarako beharra azaldu duela, baina horietatik 80k emantzipatzeko gaitasuna izan arren ez dutela jauzia eman. “Emantzipatzea pentsatzen dugunetik bi urte pasatzen dira batez beste hori egin arte”. Gaineratu du 18-34 urte bitarteko gazteen gehiengoa azken bi urteetan emantzipatu dela.
Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak adierazi du azken urteotan gazte eta etxebizitzen gaiak lantzen ari direla Udalean. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko Udalak dituen politikak ere ekarri ditu gogora, jakinaraziz 2017tik, Gaztelagun laguntza-programaren osagarri den diru-laguntza lerro bat sortu zutela, programa horretan jasotako gehieneko diru-sarrerak baino handiagoak eta 30.000 eurotik beherakoak dituzten 18 eta 34 urte bitarteko gazteentzat. Laguntza horien bidez, bost urte hauetan 89 pertsonak jaso dituzte hilean 250 € arteko laguntzak Elgoibarren etxea alokatzeko.
Udalak 2017an etxebizitza hutsen diagnostikoa egin zuela gogorarazi du Arraizek, baita datozen urteetan Elgoibarko eraikinak birgaitzeko asmoa dutela ere, batik bat premia handieneko guneetan.
Diagnosia egin ostean Gazteen Emantzipaziorako Plana egingo du Udalak. Aurrez adierazi bezala helburuetariko bat etxebizitza hutsak merkaturatzea izango da, Bizigune bezalako programak bultzatuz, eta etxebizitzen egoera hobetzea birgaikuntzarako Udalak 2022ko aurrekontuan aurreikusitako 145.000 euroko diru-partidarekin, etxe hauek egoera honetan mantentzeko eta hutsik daudenak merkaturatzeko.
Plana prestatzeko gazteekin elkarlanean jardutea da asmoetariko bat eta plana urte amaierarako prest egotea aurrikusi dute.