COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta zabaltzea baztertu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Barren.eus 2022ko ots. 1a, 14:08

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzaren eskaera, hau da, ziurtagiria otsailaren 13ra arte indarrean egotea, ez eta eremu gehiagotara zabaltzea ere.

Ondorioz, uneotan soilik gaueko aisialdian eta 50 pertsonatik gorako jatetxeetan dago COVID ziurtagiria erakusteko araua indarrean. Edo bestera esanda, gaurtik aurrera ez da derrigorra izango COVID pasaportea erakustea tabernetan zein jatetxeetan, kultur aretoetan, kiroldegietan nahiz orain arte derrigorra zen bestelako guneetan.

Auzitegiaren arabera, Jaurlaritzak ez du behar bezala arrazoitu kutsatzeak saihesteko pasaporteak duen eraginkortasuna. Gainera, pandemiaren eragina "nabarmen jaisten ari denean, nekez justifika daiteke espazio berrietara zabaltzea oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat". Ondorioz, hoteletan, turismo-ostatuetan eta joko- eta apustu-aretoetan aplikatzea ere ez du onartu.

Luis Garrido epailea buru den auzitegiaren aretoak kaleratu berri duen autoaren arabera, neurriaren eraginkortasuna eta beharra ondo arrazoitu behar zituen Jaurlaritzak, "egin duena baino motibazio eta ahalegin handiagoarekin". Aurreko eskariaren ia berdina dela ere gaineratu dute, inguruabar berriak egiaztatu gabe egindakoa. "Hori egin ez denez, neurria luzatzeko baimen judiziala eskatzeak ez du proportzionaltasun-, beharrizan- eta, batez ere, egokitasun-iritzi hirukoitza gainditzen, ez baitu justifikatzen, hain zuzen ere, neurriaren eraginkortasuna, gaur egun, kutsatzeak saihesteko edo nabarmen murrizteko. Ondorioz, eskatutako neurria ezin da baimendu", adierazi du auzitegiak.

∞Lotura duten albisteak: