Isilpean, baina ozen itzuli da Mauxitxa txarangaren Lanaren diana

Barren.eus 2021ko ira. 1a, 07:05

Iazko etenaren ostean, Lanaren Diana jo du Mauxitxak iraileko lehen lanegunean. Udalaren baimena eskuratu ostean, jende pilaketarik egon ez zedin ez dute diana joko zutenik iragarri nahi izan.

Ohi duten moduan 7:00etan puntuan hasi dute Mauxitxakoek Lanaren Diana, artean ilun zela eta zeruan ikus zitezkeen tximisten mehatxupean. Kalebarren plazatik irten dira eta kalejiran zeharkatu dituzte erdiguneko kaleak, erritmo bizian. Segiziorik ere ez zaie falta izan, eta euri tanta batzuk jausi badira ere ateri eutsi dio eta arazorik gabe bukatu dute diana hasitako lekuan, hasi eta orduerdira. Txarangako ohiko kideez gainera, lagatako batzuek ere parte hartu dute gaurko dianan.

Lanaren Diana 1976an jo zuen estreinakoz Mauxitxak. Jaime Arrese orduko alkateak afari bat agindu zien txarangako lagunei, irailaren 1ean goizean irteten baziren, oporren bueltan jendea lanera bidaltzeko. Esan eta egin. Ordutik ohitura bilakatu da hori ere, eta elgoibartarrak Mauxitxarekin hasten dira lanean abuztuko oporren ostean.

ARGAZKI-BILDUMA: 2021eko Lanaren Diana, irudietan

2021 09 01 lanaren diana mauxitxa elgoibar santana barren

2021 09 01 lanaren diana mauxitxa elgoibar barren

2021 09 01 lanaren diana mauxitxa elgoibar kalebarren barren

2021 09 01 lanaren diana mauxitxa elgoibar amaieran barren