Labi aholku batzordea bildu ostean egindako prentsaurrekoan COVID-19aren hedapena eteteko hartutako neurriak malgutzea erabaki dutela jakitera eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Irailaren 1etik aurrera edukiera neurriak malgutzea erabaki dute, kutsatze datuek eta bestelako adierazleek hobera egin dutela-eta.
Hala, eguaztenetik aurrera, baimendutako gehieneko edukiera orokorra %35etik %60ra igoko da, jarduera zein instalazio mota guztientzat, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik.
Gizarte, kultura edo kirol-ekitaldietan %60koa izango da edukiera, baina gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan eta 800 pertsona kanpoan. 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, 800 pertsonako maximoa ezarri dute toki itxietarako, eta 1.200 pertsonakoa toki irekietarako.
5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezingo da % 30ekoa baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak beteta. Lehen Mailako futbol-estadioetan, beraz, % 20tik % 30era igotzeko aukera izango dute aurrerantzean edukiera.
• Ostalaritzan %50era handituko dute edukiera
Ostalaritzako establezimenduetan barruko edukiera %50era handituko dute. Mahai baten bueltan zortzi lagun bildu ahalko dira (orain arte seikoa zen muga). Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eutsi diote, toki itxi zein irekietan, eta arau berberak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei. Gazte lokalek eta gaueko aisialdikoek itxita jarraituko dute.
Era berean, indarrean jarraituko du jarduera guztiak 01:00etan ixteko muga-ordutegiak.
Maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat iragarri dute. Hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxiengo distantzia gorde ezin bada.
• Joera aldaketa
Sagarduik prentsaurrekoan zehaztu duenez, "Joera aldaketa argia" den arren, joera aldaketa hori ez da hainbeste nabaritzen ari ospitaleetan, eta herritarrak txertatzera eta bosgarren olatua gainditzeko "erabakigarriak" izango diren hurrengo asteetan "tentsio soziala" mantentzera deitu ditu herritarrak. Hau da, maskara, distantzia, pilaketak saihestea, barneko espazioak aireztatzea eta txertaketa. "Zenbat eta lehenago hartu txertoa ahalik eta pertsona gehienek, orduan eta babes indibidual eta kolektibo handiagoa izango dugu, eta eguneroko bizitza solidarioagoa eta murrizpen gutxiagokoa berreskuratzera hurbilduko gara", azaldu du.