Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Elgoibarren atzo, martitzena, sei kasu positibo hauteman zituzten PCR eta antigeno probetan eta 381,28etik 407,28ra igo da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua. Gipuzkoan 34 udalerri (Donostia barne) daude 5.000 biztanletik gorakoak, eta horietatik 27 daude eremu gorrian.
Eskualdean 34 debabarrendarrek eman zuten positibo atzo eginiko probetan (aurreko egunean 23 positibo atzeman zituzten). Ermua da eskualdeko herri handienen artean eremu gorrian ez dagoen bakarra.
Hona Debabarrenako atzoko (uztailak 19) datuak, herriz herri:
- Mutriku +2 (1430,18ko intzidentzia-tasa)
- Deba +4 (531,82)
- Eibar +17 (509,57)
- Soraluze +1 (503,27)
- Elgoibar +6 (407,28)
- Mallabia +0 (336,13)
- Mendaro +2 (236,41)
- Ermua +2 (181,04)
- GIPUZKOA +481 (705,94)
• Lau heriotza azken astean
Eguaztenero moduan, hildakoen datuak jakinarazi ditu Osakidetzak. Aurreko bi asteetan ez zen egon COVID-19ak eragindako hildakorik Hego Euskal Herrian, baina, azken zazpi egunetan lau lagun hil direla jakitera eman du Osasun Sailak. Guztira, 5.622 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 49 lagun ingresatu zituzten atzo eta 233 dira momentu honetan ospitaleratuta daudenak –aurreko astean baino 108 pertsona gehiago–. Horietatik 45 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan –duela astebete baino hemeretzi gehiago– eta 188 plantan. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan duenez, "oraindik lasaia" da EAEko erietxeetako egoera, baina egunez egun, okupazioak gora egiten dihardu, bai plantan eta bai ZIUetan: "Agerikoa da ospitaleratzeen kopurua hazten ari dela, baina, zorionez, infekzioek eta ospitaleratzeek ez dute aurreko olatuetako korrelazio bera, ezta hildakoek ere".
• Bi mila kasutik gora, Hego Euskal Herrian
Atzo 2.042 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Pandemia hasi zenetik behin bakarrik atzeman dituzte atzo baino kasu positibo gehiago, 2020ko urriaren 31n, 2.082 kasu, hain justu ere. Osakidetzak eta Osasunbideak 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan. Munduko Osasun Erakundeak (MOE) pandemia kontrolpean izateko gomendatutako % 5etik urruti egoten jarraitzen du.
∞Lotura duten albisteak:
- Sei positibo zenbatu zituzten atzo Elgoibarren, eta bi Mendaron (2021-07-20)
- Hamar positibo baieztatu dira asteburuan Elgoibarren, eta eremu laranjan sartu da (2021-07-19)
- Sei kasu positibo atzeman zituzten atzo Elgoibaren, eta 300eko langatik gertu da intzidentzia-tasa (2021-07-16)
- Azken orduetan lau positibo baieztatu dituzte Elgoibarren eta 36 Debabarrenean (2021-07-15)
- Beste sei kasu positibo baieztatu dituzte Elgoibarren (2021-07-14)
- Elgoibarren bost positibo atzeman ditu Osasun Sailak azken orduetan, eta 190,64era igo da intzidentzia-tasa (2021-07-13)
- Bi positibo baieztatu dira asteburuan Elgoibarren eta beste bat Mendaron (2021-07-12)
- Beste bi positibo atzeman dituzte Elgoibarren (2021-07-08)
- Hiru positibo atzeman dituzte azken orduetan Elgoibarren eta beste bat Mendaron (2021-07-07)