Sei positibo berri izan dira asteburuan Elgoibarren

Barren.eus 2021ko uzt. 5a, 12:45

Asteburuan sei positibo zenbatuta, igo egin da Elgoibarko intzidentzia-tasa. 100eko langa gaindituta, 121,32an dago gaur-gaurkoz.

Orain dela astebete 43,33an zegoen Elgoibarko intzidentzia-tasa eta 121,32an dago gaur. Oro har, Debabarrena eskualde osoan egin du gora intzidentzia-tasak. Mendaron eta Mutrikun bakarrik egin du behera azken zazpi egunetan. Soraluzeko gorakada nabarmendu behar da, joan zen astean zeroan baitzuen azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa eta 931,05ean du gaur. Soraluzeko DBHko 4. mailako eta batxilerra egiten ari diren lehen mailako 55 ikasle Saloun izan dira ikas-bidaian eta horietako hainbat lagunek positibo eman zuten handik bueltatzean egin zizkieten probetan (informazio osoagoa plaentxia.eus)

 • Hona Debabarrenako asteburuko datuak, herriz herri (uztailaren 2tik 4ra)

  • Soraluze +37 (24 4 9) 931,05
  • Mallabia +3 (2 1 0) 504,20
  • Deba +3 (0 3 0) 220,06
  • Mendaro +0 (0 0 0) 141,84
  • Elgoibar +6 (4 1 1) 121,32
  • Eibar +7 (2 2 3) 83,72
  • Ermua +1 (1 0 0) 37,46
  • Mutriku +0 (0 0 0) 18,82
  • GIPUZKOA +543 (247 150 146) 209,03

 • Positibotasun tasak gora; ospitaleratzeak hobera
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %6,9koa da egun, eta adierazle hau handitzen ari da egunetik egunera. Atzo, 178 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 34 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi lagunek ere positibo eman zuten. Pandemia neurtzeko adierazleek okerrera egiten jarraitzen dute egunetik egunera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako oinarrizko birsokuntza tasa edo R0 indizea 1,51koa da egun. Hortaz, pandemiak hedatzen jarraitu du, iazko udako datuetara gerturatuz. Intzidentzia-tasari dagokionez, erkidegoan hamabi puntu egin ditu gora eta 168,52an kokatu da. Horri lotuta, gogoratu behar da Jaurlaritzak neurriak malgutzeko baldintzetako bat izan zela tasa 150etik beherakoa izatea. Eguaztenean, Labik bilera egingo du, eta ikusi beharko da zer neurri hartuko dituen.
Aldiz, ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: Hego Euskal Herriko erietxeetan 50 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun –joan den astelehenean baino 35 gutxiago–, eta bederatzi ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 36 pertsona daude, duela astebete baino bat gehiago.