Ezustean hartu zuen Lourdes Etxeberriak atzoko omenaldia, eta ezin izan zion malkoei eutsi. 37 urtean udaletxean eta Mendaro herriaren alde egindako lanagatik eskerrak eman zizkion Iñaki Arregi alkateak, udalbatza aretoan bildutako guztien izenean, bai eta Mendaro herriaren izenean ere, eta hunkituta entzun zituen hitzok Etxeberriak. Lore-sorta eta erloju bat oparitu zizkion Udalak esker onez, eta udalbatza areto atzean zeuden lankideei zuzendu zitzaien omendua, talde-lanean jardun zela adieraziz.
Omenaldi laburraren ostean, udaletxeko langileek aretoa utzi zuten, omenaldiaren bigarren zatia antolatzeko. Osoko bilkura luzatu egin zen atzo oposizioaren eta alkatetzaren arteko desadostasunak tarteko, baina amaitu zenerako prest zuten mokadua langileek.
• Mendaroko alkate izanak
Atzoko omenaldian, udaletxeko lankideez eta gaur egungo udal ordezkariez gain, Mendaron alkate izan direnek ere parte hartu zuten. Hantxe zeuden Juanito Loiola Mendaroko lehenengo alkate izandakoaren alargun Ana Mari Mallabiabarrena eta seme Xeber Loiola, Antton Zubiaurre (EAJ), Txomin Zulaika (EAJ), Esti Gonzalez (MTI), Irune Berasaluze (EAJ), Sonia Garcia (EH Bildu) eta Iñaki Arregi (EAJ). Lourdes Etxeberriari erreleboa emango dion Irati Labaka Garmendia idazkaria ere hantxe zen ekitaldian. Lourdes bera udaletxera iritsi zen adin berarekin hasiko du ibilbide berria Labakak, 26 urterekin.