Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago eremu gorritik kanpo: Elgoibar

Barren.eus 2021ko api. 21a, 12:39

Osasun Sailak 37 COVID19 positibo atzeman zituen atzo, apirilak 20, Debabarrenean eginiko probetan, aurreko egunean baino hamabi gehiago. Horietako lau koronabirus positibo atzeman zituzten Elgoibarren, eta bi Mendaron. Gipuzkoako egoera kezkagarria da: 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago eremu gorritik kanpo; Elgoibar.

Hego Euskal Herri guztiko datuak dira kezkagarriak, baina azpimarratzekoa da Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dagoela gaur egun eremu gorritik kanpo: Elgoibar, 251,30ko intzidentzia-tasarekin. Horrenbestez, lurraldeko 33 udalerri (Donostia barne) handi daude gunerik astinduenean, eremu gorrian. Bergara, Irun eta Usurbil izan dira semaforoa gorri jarri zaien Gipuzkoako azkeneko herriak. Gaur gaurkoz ez dago udalerririk eremu berdean ez eta eremu laranjan ere eta Elgoibar da kolore horiari eusten dion herri handi bakarra.

 Hona hemen herriz herriko Debabareneko atzoko (apirilak 20) datuak:

  • Deba 3   (1136,99)
  • Soraluze 3   (981,38)
  • Mutriku 1   (564,55)
  • Eibar 14   (545,97)
  • Mallabia 3   (504,20)
  • Mendaro 2   (425,53)
  • Ermua 7   (362,07)
  • Elgoibar 4  (251,30)
  • GIPUZKOA: (677,33)

 

 • 32 heriotza, azken astean
Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dituzten datuen arabera, 15.453 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 1.198 lagunek eman zuten positibo; alegia, %7,7k. Positibo horietatik 120 Araban atzeman zituzten, 445 Bizkaian, 420 Gipuzkoan eta 196 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamazazpi lagunek ere eman zuten positibo atzokoan.
Erietxeetako egoerari dagokionez ere, txarrak dira azken datuak. 117 ospitaleratze izan ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta denera 553 lagun daude ospitaleratuta –apirilaren hasieran baino 187 gehiago–. Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden gaixoen kopuruak ere hazten jarraitzen du egunez egun; 158 lagun daude hiru lurralde horietako ZIUetan.
Apirilaren 12tik 18ra bitartean 32 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurreko astean baino sei pertsona gehiago. Hala, Hego Euskal Herrian 5.266 lagun zendu dira guztira.

2021 04 21 elgoibar eremugorritikat etb1 konexioa

∞Lotura duten albisteak: