2.000 kilotik gora garbantzu bildu dituzte Elgoibarren Lesboseko errefuxiatuen kanpalekura bidaltzeko, Zaporeak elkarteak eskatuta

Barren.eus 2021ko api. 21a, 12:06

Lesboseko kanpalekuko errefuxiatuei otorduak eman ahal izateko janari bilketa solidarioa antolatu du Zaporeak elkarteak Debabarrenean. Ermuak, Eibarrek, Mallabiak eta Elgoibarrek hartu dute parte ekimenean, eta herri bakoitzak elikagai bat biltzeko ardura zeukan.

Elgoibarren kasuan garbantzuak bildu behar ziren, eta arduradunek emandako datuen arabera, bi mila kilotik gora batu dira. Oso pozik agertu dira arduradunak emaitza honekin, eta eskerrak eman dizkiete elgoibartarrei.

Debabarrenean, orotara, 8.000 kilo elikagai bildu dituzte, eta lau pale bete dittuzte produktu higienikoekin. Horrez gain, 10.000 euro inguru lortu dituzte errifen salmentarekin, tupper solidarioarekin eta herritarrek zein enpresek egindako donazioekin. Zaporeak taldeko arduradunek esan dute aurreko edizioetako marka guztiak hautsi dituztela aurten, eta oso pozik agertu dira. Kanpainan babesle asko izan dituztela azaldu dute eta denei eman dizkiete eskerrak, baina bereziki, aipatu dituzte Cartonajes Eibar, Urkotronik, Bacalaos Alkorta, Frutas Do Santos eta Lumagorri.

Urkotronik enpresak lagatako biltegi pilatu dute bildutako dena, eta gaur Donostiara eramango dute Zaporeak elkarteak Martutenen duen egoitza nagusira. Gero, handik bidaliko dituzte Lesbosera, Zaporeak elkarteak ikusten duen beharraren eta momentuaren arabera, elkarte hori arduratuko baita banaketaz. Elikagaietako batzuk Zaporeak berak erabiliko ditu egunero egiten dituen jatorduak prestatzeko, eta beste batzuk hango familien artean banatuko dituzte eurek prestatzeko. Izan ere, Zaporeak Proiektuaren barruan, egunero 1.500 otordu prestatzen dituzte Lesboseko errefuxiatuentzat.

∞Lotura duten albisteak:

2021 04 20 zaporeak lesbos errefuxiatuak sukaldariak

2021 04 20 zaporeak lesbos errefuxiatuak sukaldariak gureak

2021 04 20 zaporeak lesbos errefuxiatuak sukaldariak b1