Eskualdeko intzidentzia-tasa baxuena du Elgoibarrek, 268,63koa

Barren.eus 2021ko api. 20a, 13:03

Debabarrena eskualdeko herri guztietan atzeman zituzten atzo COVID19 positiboak, Mendaron izan ezik. Gaurtik aurrera perimetralki itxita daude eskualdeko lau herri, baina herri mugakideetako bizilagunek baimenduta izango dute mugikortasuna.

Orain dela pare bat hilabete, otsailean, eskualdeko eta Gipuzkoako intzidentzia-tasa altuena izan zuen Elgoibarrek zenbait astean. Aldiz, orain, eskualdeko intzidentzia-tasa baxuena du, orain aste gutxi daturik okerrenak zituen Ermuarekin batera.

Osasun Sailak 25 COVID19 positibo atzeman zituen atzo, apirilak 19, Debabarrenean eginiko probetan, horietako bi Elgoibarren. 100.000 biztanleko 268,63 kasu egon dira Eibarren azken 14 egunetan.
Hona hemen herriz herriko atzoko datuak:

  • Deba  9 positibo (1100,31eko intzidentzia-tasa)
  • Soraluze  3   (981,38)
  • Eibar  6   (545,97)
  • Mutriku  2   (545,73)
  • Ermua  2  (330,86)
  • Mallabia  1   (336,13)
  • Mendaro  0   (330,97)
  • Elgoibar  2   (268,63)
  • GIPUZKOA 375   (658,19)

 • Itxiera perimetrala, eskualdean
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguneratu zituen azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda, eta eremu gorrira batu ziren herrietan gaur sartu da indarrean itxiera perimetrala. Gure eskualdera etorrita, lau dira gorri dauden herriak: Eibar, Soraluze, Deba eta Mutriku. Edonola ere, zilegi da mugakide diren 400dik gorako tasa duten udalerrien arteko mugikortasuna; Elgoibartik gorri dagoen Eibarrera, Eibartik Elgoibarrera edo Mendaro eta Deba harteko joan etorriak, esaterako. Izan ere, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko. 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako 41 herri eta hiri -tartean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz- daude perimetralki itxita; eta, 24 dira itxita dauden 5.000 biztanletik beherako herriak.

2021 04 20 korodata elgoibar covid19 datuak apirilak19ra

 • Ospitaleratzeak gora Hego Euskal Herrian
Ospitaleetako egoera okertu egin da; izan ere, ospitaleratu beharrean izan diren biztanleen kopuruak gora egin du (domekan 60 izan ziren eta zapatuan, 80) eta ZIUetan daudenen kopuruak ere bai (147 domekan eta 140 zapatuan). Egun, 524 lagun daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan, horietatik 154 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi. Atzo, 115 herritar ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota.
Dena den, bada hobera egin duen datu bat: behera egin du positibotasun tasak. Nafarroan, guztira, 2.633 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta proba egiten duten 157 lagunek eman zuten positibo: hau da, %6k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 12.301 proba gauzatu zituen Osakidetzak, eta horietan 779 positibo detektatu zituen; hau da, proba egin zuten herritarren %6,3k eman zuten positibo. Tasa horiek behera egin badute ere, positibo kopuru oso altua atzeman dute Hego Euskal Herrian azken orduetan, baina milako langara ez da iritsi kopurua: orotara, 936 positibo detektatu dituzte azken orduetan.