Eremu horira igaro da Elgoibar, baina kasuek gora egin dute Mendaron

Barren.eus 2021ko urt. 19a, 13:56

Asteburuan kasu positibo bakarra zenbatu zuten Elgoibarren eta beste kasu bat atzeman zuten atzo. Honenbestez, eremu laranjatik horira igaro da Elgoibar. Aldiz, gora egin du Mendaroko intzidentzia tasak azken egunetan atzeman dituzten positiboen ondorioz.

 Elgoibarren 277,30ekoa da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua, gaur-gaurkoz. Horrenbestez, 300eko langatik jaitsita, eremu horira igaro da azken egunetan eremu laranjan egon eta gero. Joan zen asteburuan kasu bakarra zenbatu zuten, zapatuan eginiko probetan atzemandakoa. Atzo ere kasu bakarra zenbatu zuten.
 • Mendaron intzidentzia gorantz
Mendaron hiru kasu atzeman zituzten joan den asteburuan, barikuan hirurak, eta beste bi positibo hauteman zituzten atzo, astelehenean. Hala, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 283,69 kasukoa da Mendaron une honetan.

Debabarrena eskualdeari dagokionez, eremu gorrira igaro da Deba (623,51), eremu laranjan jarraitzen du Eibarrek eta eremu horian daude 5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako hiru herriak. Hona Debabarrena eskualdeko asteburuko datuak, herriz-herri:

 Herria (intzidentzia) Urtarrilak 15 Urtarrilak 16 Urtarrilak 17 GUZTIRA (aurreko asteburuarekiko dif.)
Eibar (334,86) 8 3 15 26 (+15)
Ermua (212,25) 1 4 9 14 (+12)
Elgoibar (277,30) 0 1 0 1 (-5)
Deba (623,51) 3 2 1 6 (+2)
Soraluze (176,14) 0 0 0 0 (-1)
Mendaro (141,84) 3 0 0 3 (+3)
Mutriku (282,27) 0 1 1 2 (-1)
Mallabia (84,03) 0 1 0 1 (+1)
DEBABARRENA (245) 15 12 26 53 (+11)

 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo, eta horietatik 894 positiboak izan ziren: 132 Araban, 530 Bizkaian, 227 Gipuzkoan eta 5 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan.

Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 82 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 96 pertsona ZIUn daude.

∞Lotura duten albisteak: