Bertako 300 zuhaitz landatu dituzte auzolanean Zirardamendin

Barren.eus 2021ko urt. 16a, 15:27

Lurgaia fundazioak auzolanerako eginiko deiari erantzunez, 40 lagun inguruk hartu dute parte gaur goizean Zirardamendin egin duten zuhaitz landaketan.

 

 

Hainbat lekutatik etorri dira landaketan parte hartu duten boluntarioak, Eibar, Soraluze edo Azkoitia moduko inguruko herrietatik, eta baita urrunagotik ere, Beasain, Zumarraga eta beste hainbat lekutatik. Eibarren zein Soraluzen orain gutxi eratu dituzten Baso Biziak elkarteko kideek ere hartu dute parte auzolanean. Soraluzetik etorritakoen artean zeuden baita ere herriko alkate Iker Aldazabal eta Ingurumen batzordeburu Ramon Gallastegi. 

Elgoibartik Zirardamendira oinez igoteko asmoa bazuten ere, autoetan igo dira azkenean. Zirardamendi baserri inguruan autoak laga ostean, baserri ondotik abiatzen den baso bidetik joan dira zuhaitz-landareak sartzeko asmoa zuten guneraino, Zirardamendiko gailurretik gertu, Elgoibarrera ematen duen mendi-magalean.

 • Baso autoktonoak berreskuratzeko eta zaintzeko kontserbazio-hitzarmena

Lurjabeekin erabilera lagatzeko akordioa lortu zuten orain dela hilabete batzuk Lurgaia fundazioko kideek. Baso autoktonoak berreskuratzeko eta zaintzeko lur-jabeekin adostutako kontserbazio-hitzarmena dela azaldu dute. Akordio horri esker, hamahiru hektareako lursoruan baso autoktono bat berreskuratzeko zuhaitz landaketak egingo dituzte, bertako espezieak landatuz. Hektarea bakoitzeko 600 edo 650 zuhaitz-landare sartzen dituztenez, 8.000 bat zuhaitz landare sartzeko asmoa dute, basoari hazten laguntzeko. "Bizpahiru urtean hasiko dira aldaketak igartzen eta hamar bat urte barru tamaina polita izango dute landatutako zuhaitzek, baina ehun bat urte beharko dira benetako bertoko baso bat izan dadin", azaldu du Lurgaiako Sergio Gallegok. Gaur auzolanean egin duten landaketan, hektarea erdiko lursailean 300 zuhaitz-landara jarri dituzte, denak bertako espezie basatiak: Haritzak, urkiak, gereziondoak, makatzak, otso lizarrak eta gurbitzak, besteak beste.

 • Auzolanaren garrantzia

Lurgaiak 18 urte daramatza gaur egin dutenaren antzerako zuhaitz landaketak antolatzen. Urdabai ingurua da beraien lan eremu nagusia, baina aspaldi honetan esparru hori zabaltzen dihardute. Auzolanean eginiko landaketok Lurgaiakoek egiten duten lanaren berri emateko eta euren helburuak azaltzeko oso garrantzitsuak direla dio Gallegok, "dibulgaziorako eta kontzientziaziorako" tresna egokiak direlako. Gaurkoan 40 boluntarioren laguntza izan dute. Lanean hasi aurretik, Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgo adituak eman dizkie zuhaitzak landatzeko xehetasunenak, eta baita basoen ezaugarriei buruzko hainbat azalpen ere; zer den baso bat eta zer ez den baso bat, zer gertatzen den lurrarekin eta uraekin pinuak edo eukaliptoak landatuta dauden eremuetan, horiek ordezkatzeko Lurgaiakoek proposatzen dituzten aukerak, e.a. Parte hartzaileek adi-adi entzun dituzte azalpenak, eta horren ostean, lau laguneko talde txikitan banatuta, 300 zuhaitz-landara jarri dituzte. Landaketarako lursail aldapatsua izateaz gainera, otez eta sastrakaz betea zegoen eta ez zen batere erraza batera eta bestera mugitzea. Hala eta guztiz ere, bi ordu inguruan bukatu dituzte landaketa lanak eta gehiagorako gogoarekiin ere gelditu dira batzuek. Lanerako aitzakiarik ez zuten eta eguraldiagatik kexatzeko motiborik ere ez, egun aparta egin baitie. Zuhaitzak landatzeko ingurua sastrakez garbitzeak landaketa erraztuko lukeen arren, bere horretan lagatzea egokiagoa dela azaldu du Hidalgok, higadura gutxiago egon dadin eta animaliek zuhaitz landara gazteak jan ez ditzaten, besteak beste. Amaieran, plastikozko babesgarri batzuek jarri dituzte landareen inguruan. Bost bat urte barru kenduko dizkiete horiek.

2021 01 16 zuhaitz landaketa zirardamendi eloibar lurgaia barren

2021 01 16 zuhaitz landaketa zirardamendi eloibar lurgaia barren panoramika

2021 01 16 zuhaitz landaketa zirardamendi eloibar lurgaia barren 2

2021 01 15 zuhaitz landaketa zirardamendi elgoibar barren basobiziak soraluze 1

2021 01 15 zuhaitz landaketa zirardamendi elgoibar barren basobiziak soraluze

2021 01 15 zuhaitz landaketa zirardamendi elgoibar barren b1

2021 01 16 zuhaitz landaketa zirardamendi eloibar lurgaia barren 1