Elgoibarren 11 positibo atzeman dituzte azken lau egunetan eta 415,94ean dago intzidentzia-tasa

Barren.eus 2021ko urt. 15a, 13:47

Asteon 11 positibo atzeman dituzte Elgoibarren, aurreko astean baino 10 kasu gutxiago. Hala ere, intzidentzia tasak eremu gorritik gertu jarraitzen du.

Azken lau egunetan, astelehenetik eguenera, 11 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren (aurreko astean 21 atzeman zituzten): 6 eguenean, 2 eguaztenean, eta 3 martitzenean. Eremu laranjan jarraitzen du Elgoibarrek, 415,94ean baitago intzidentzia-tasa, joan den asteleheneko tasa (450,61) baino zertxobait baxuagoa. Kutsatutako pertsona batek zenbat kutsatze eragin ditzaken adierazten duen kutsatze indizea 1,04koa da Elgoibarren.

Mendaron koronabirus postibo bat atzeman dute asteoan, atzo, hain justu ere. Joan den abenduaren 30etik atzeman duten aurrenekoa da.

Atzo, 13.224 test diagnostiko egin ziren EAEn, eta, haietatik, 760 positiboak izan ziren: 100 Araban, 412 Bizkaian, 239 Gipuzkoan eta 9 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan. Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 50 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 84 pertsona ZIUn daude. Urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 66 pertsona hil dira.

 • Debabarreneko herri guztiak zabalik
Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo argitaratu zuen eremu gorrian sartu diren EAEko herrien zerrenda. 5.000 biztanle baino gehiagoko 11 herri daude eremu gorrian: Agurain (635,16) Amorebieta-Etxano (803,53), Bermeo (792,43), Gernika-Lumo (517,61), Lekeitio (830,22), Markina-Xemein (776,12), Muskiz (1016,18) Andoain (707,23), Beasain (741,74), Villabona (659,1) eta Zumaia (824,26). Debabarrena eskualdeko herri guztiak daude eremu gorritik kanpo, eta hortaz, ez dago batetik bestera mugitzeko mugarik eta ostalaritzak zabalik jarraitu dezake. Hori bai, lau herri daude eremu laranjan: Deba (476,80), Elgoibar (415,94) Eibar (353,06), Mutriku (338,73). Ermuan eremu horian daude, 156ko intzidentzia-tasarekin. 

 • Koronabirus agerraldia Eibarko Ospitalean

Gainera, koronabirus agerraldia atzeman dute Eibarko Ospitalean. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, pazienteak nahiz langileak daude kutsatuen artean. Gutxienez 10 positibo atzeman dituzte lehenengo solairuan, covid-19a ez duten pazienteak artatzen dituzten solairuan eta pazienteak zein beharginak dira kutsatutakoak.
Eguaztenean sartu ziren indarrean LABIren aholku batzordeak Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako hartutako neurri berriok. Tartean, abendutik indarrean zeuden neurri batzuk gogortzea erabaki dute, batez ere mugikortasunarekin lotutakoak, eta beste batzuk bere horretan laga dituzte, tartean ostalaritzari eragiten dioten neurriak eta etxeratze agindua. Baina, badira, arindu dituzten neurriak ere.

∞Lotura duten albisteak: