Mankomunitateak lurpeko 17 edukiontzi ordezkatuko ditu lurrazalekoekin

Barren.eus 2020ko abe. 22a, 12:44

Mankomunitatea osatzen duten udalerri bakoitzeko lurpeko edukiontzien egoera aztertu ostean, Debabarreneko Mankomunitateak eskualdeko lurrazpiko 63 edukiontzi lurrazalekoekin ordezkatzea erabaki  zuen abenduaren 16ko Batzar Orokorrean, eta dagoeneko abiatu dute lanak esleitzeko lizitazio prozesua. Horietako 17 Elgoibarren aldatuko dituzte.

Debabarreneko Mankomunitateak lurpeko 63 edukiontzi ordezkatuko ditu lurrazalekoekin Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun, "zaharkituta daudelako eta berritzeko beharra dutelako". Mankomunitatetik esan dutenez, helburua da hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzea. Elgoibarren 17 edukiontzi ordeztuko dituzte Antonio Arrillaga 2, Pedro Migel Urruzuno eta Aita Agirre plaza 34 zenbakietan. Ermuan 12 lurpeko edukiontzi aldatuko dituzte, Eibarren 29 eta 5 Mutrikun. Guztira errefusako 30 lurpeko edukiontzi ordezkatuko dira lurrazalekoekin, papera eta kartoia biltzeko 11 edukiontzi, plastikoa eta ontziak jasotzeko 12 eta beira jasotzeko 10 edukiontzi. 
2020ko aurrekontuaren barruan gauzatuko ditu lan hauek Mankomunitateak, eta, guztira 1.128.006 euroko inbertsioa egingo dute.