Lau positibo atzeman dituzte Elgoibarren asteon, eta 276,22koa da intzidentzia tasa, eremu horian

Barren.eus 2020ko abe. 11a, 16:03

Lau koronabirus positibo atzeman dituzte Elgoibarren astelehenetik barikura bitartean, egun bakoitzeko bat. Datu horiekin, eremu laranjatik horira pasa da Elgoibar, 276,22koa baita intzidentzia-tasa, eta ostalaritza establezimenduek ateak zabaltzeko baimena izango du bihartik aurrera.

Intzidentzia-tasak beherantz jaraitzen du Elgoibarren eta une honetan 276,22an dago, maila horian. Joan zen astean (13 positibo) baino bederatzi kasu gutxiago atzeman dituzte asteon, eta honenbestez, eremu laranja laga eta horian dago une honetan intzidentzia tasa. Gipuzkoakoa 357,08an dago.

Mendaron bi positibo berri zenbatu dituzte, biak astelehenean eginiko probetan. Ehun mila biztanleko intzidentzia tasa 233,75an dago Mendaron.

Eskualdean Eibarrek eta Ermuak jarraitzen dute eremu gorrian, 510,17ko eta 517,49ko intzidentzia-tasarekin, hurrenez hurren. Bi herriotan ezingo dituzte zabaldu tabernak eta jatetxeak, intzidentzia-tasa 500 kasutik beherakoa den herrietan bakarrik izango baitute horretarako baimena.

∞Lotura duten albisteak: