Eremu gorritik laranjara pasa da Elgoibar, intzidentzia-tasa 388,43raino jaitsi eta gero

Barren.eus 2020ko abe. 7a, 19:27

Bost positibo atzeman dituzte Elgoibarren, barikutik domekara, -aurreko asteburuan atzemandakoen erdia-, eta, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatuak nabarmen egin du behera.

Osasun Sailak COVID-19aren eragina neurtzeko ezarrita duen larritasun mailan, eremu gorrian egon da Elgoibar, joan den urriaren 15az geroztik. Intzidentzia tasa 500eko langatik jaitsi da orain, 388,43raino, eta eremu laranjan dago une honetan. 

Gaur-gaurkoz zazpi udalerri daude eremu gorrian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, COVID-19ak herriz herri izandako eragina aztertzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Gipuzkoan bost herri daude eremu gorrian: Arrasate, Bergara, Donostia, Eibar eta Ordizia. Barikutik hona lau herri pasa dira eremu gorritik laranjara: Elgoibar, Aretxabaleta, Azkoitia eta Deba.
Edonola ere, atzemandako koronabirus kasuen kopuruak beherantz egiteak ez du esan nahi datuak onak direnik. Europako Gaixotasun Infekziosoen Kontrolerako Erakundeak maila onargarria 15 eguneko eta 100.000 biztanleko 50 kasutan jarri baitu.
Mendaron ez dute kasu berririk atzeman asteburuan.

Hona Debabarrena eskualdeko datuak, herriz-herri:

 Herria (intzidentzia) Abenduak 4 Abenduak 5 Abenduak 6 GUZTIRA (aurreko asteburuarekiko dif.)
Eibar (565,22) 7 5 8 20 (-17)
Ermua (517,49) 5 4 3 12 (+3)
Elgoibar (388,43) 2 0 3 5 (-5)
Deba (459,14) 1 0 0 1 (-1)
Soraluze (482,60) 0 1 0 1 (-4)
Mendaro (233,75) 0 0 0 0 (-2)
Mutriku (337,46) 1 1 1 3 (-2)
Mallabia (0,00) 0 0 0 0 (-)
DEBABARRENA (453) 16 11 15 42 (-28)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, Osasun Sailaren arabera "COVID-19a" dutelakoan. Guztira 326 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta; Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta, bestalde, 131 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,90ekoa da hiru lurraldeetan. Gipuzkoak du indize horren tasa baxuena; 0,83koa.

∞Lotura duten albisteak: