Asteon 32 positibo atzeman dituzte Elgoibarren eta 949an dago intzidentzia tasa

Barren.eus 2020ko urr. 30a, 14:43

Osasun Sailak 32 koronabirus kasu zenbatu ditu Elgoibarren, astelehenetik eguenera bitartean (aurreko astean lau gutxiago, 28 izan ziren). Semaforo gorriarekin jarraitzen du Elgoibarrek: 100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia tasa 949,50ean dago une honetan. Azken egunetan etengabe gora egin ostean, tasak 1.000ko langa gainditu zuen aurrenekoz eguaztenean.

Azken lau egunetan 32 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren: 8 eguenean, 7 eguaztenean, 9 martitzenean eta 8 astelehenean. Azken 14 egunetan 110 positibo hauteman dituzte. Gaurko 14 eguneko inzidentzia metatuaren tasa 1,26an dago Elgoibarren. Duela astebeteko 14 eguneko inzidentzia metatuaren tasarekin konparatzen du adierazle horrek. Tasen arrazoiaren balioa 1en azpitik dagoenean intzidentzia tasak behera egin duela esan nahi du. Honenbestez, ez da Elgoibarren kasua.

2020 10 30 elgoibar grafikoa korodatuak
Mendaron positibo bakarra atzeman dute azken lau egunetan, atzo. Mendaroko 14 eguneko inzidentzia metatuaren tasa 0,79an dago eta 514,26koa da 100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia tasa.
 • Debabarrenean positibo kopurua gora
Debabarrenean etengabe dihardu igotzen kutsatze berrien kopuruak. Eibarren, esaterako, 45 positibo berri zenbatu zituzten atzo, errekorra egun bakar baterako. Eskualdeko lau herri daude semaforo gorriarekin: Eibar 1042,35ko intzidentzia tasarekin, Ermua (1028,71), Elgoibar (949,50) eta Deba (826,45). Gipuzkoako intzidentzia tasa 875,35ekoa da. Guztira, 5.000 biztanletik gorako 31 herri daude semaforo gorriarekinlurraldean, eta horietako hamarrek gainditzen dute 1.000ko tasa. Gipuzkoako egoera larria da, eta Bizkaikoa ere hala ari da bilakatzen; izan ere, dagoeneko gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren langa

Erkidegoari dagokionez, atzo 16.237 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik %8,2ak eman zuen emaitza positiboa. Hala, guztira, 1.325 positibo berri atzeman zituzten: 605 Bizkaian, 570 Gipuzkoan, 140 Araban eta hamar bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, kutsatzeen bilakaera aztertzeko, oinarrizko birsorkuntza datua eman du Jaurlaritzak: 1,23koa erregistratu zen Araban eta 1,11koa Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 4.573 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 634 positibo zenbatu zituen, hango gobernuak eman dituen datuen arabera.

Ospitaleratze berriak 63 izan ziren atzo EAEko erietxeetan, eta 479 lagun daude guztira ingresatuta. Horietatik 84 dira Zaintza Intentsiboetako Unitatean daudenak.

∞Lotura duten albisteak: