Elgoibarko eta Mendaroko Eguneko Zentroak itxita daude koronabirus kasu bana atzeman dutelako

Barren.eus 2020ko urr. 21a, 13:08

Elgoibarko Eguneko Zentroa itxita dago joan zen ostiralaz geroztik, bertako erabiltzaileetako batek positibo eman zuelako koronabirusa atzemateko PCR proban, eta gaur bertan itxi dute Mendarokoa ere, han ere atzeman dutelako koronabirus kasu bat.

 Joan zen urriaren 16an positibo eman zuen PCR proban Eguneko Zentroko erabiltzaile batek, eta protokoloak hala zehaztuta, zentroa itxi egin zuten. Gainerako erabiltzaileei ere PCR probak egin zizkieten, eta arduradunek jakinarazi dute denek negatibo eman dutela lehenengo proban, eta hilaren 23an egingo dietela bigarrena. Datozen egunetan oraindik zentroa itxita egongo dela adierazi dute arduradunek. Elgoibarko Udala etengabeko harremanetan dago Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Osasun Publikoko arduradunekin, eta zehaztu dute datozen egunetako egoera epidemiologikoak baldintzatuko duela zentroaren irekiera. Eguneko Zentroa itxita dagoela aprobetxatuta, suhiltzaileek desinfekzio lanak egin zituzten atzo.

Gaur, bestalde, Mendaroko Eguneko Zentroa itxi dute, bertako erabiltzaile batek eman duelako positibo PCR proban. Gainerako erabiltzaileei ere egin beharko diete koronabirusa atzemateko PCR proba, eta zentroa desinfektatu beharko dute. Azaroaren 2ra arte gutxienez itxita egongo da egoitza.