Irailaren azken aurreko domekan egin ohi duten omenaldia egin zuten atzo, instituzio, elkarte, kultur erakunde eta alderdi politikoetako zenbait ordezkarik Aiastian eta Zirardamendin.
Aiastiako Murkaikupe ftontoiaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimuari bisita egin eta gero, Zirardamendirantz jo zuten omenaldi ekitaldian parte hartu zuten lagunek. Bidean, lau gudari desobiratutako tokian lorak laga eta Zirardamendiko gurutzetxoan beste lore sorta bat laga zuten, han hildako gudarien omenetan. "Omenaldi honekin, euskal soldadu gazte hauen sakrifizioa gogorarazi nahi izan da eta memoria historikoa funtsezko bidea dela azpimarratu elkarbizitza eta adiskidetzea bultzatzeko", adierazi dute omenaldiaren sustatzaileek.
1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.
Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean desobiratu zituzten 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.
*Argazkiak: Elgoibarko Udala