Iriondo taberna: elgoibartarren bilgune

Barren.eus 2020ko ira. 11a, 09:53

Azken urteotan behin baino gehiagotan herrian zabaldu den zurrumurrua egi bihurtu da: Iriondo taberna itxi egin dute, eraikin horretan etxebizitza berriak egingo dituztelako. Elgoibarko historiaren lekuko izan da Iriondo taberna, eta gazte zein helduen topaleku.

Adin guztietako bezeroak hartzen zituen Iriondok, eta inor ez zen han lekuz kanpo sentitzen. Gaueko giroa gustuko zutenei nahiz egunez ibiltzea nahiago zutenei ere ematen zien zerbitzua tabernak. Bi etapa nagusi izan ditu tabernak: Remigio Iriondo eta Maria Ostolaza senar-emazteek 1942an ekin zuten etapa, eta 1998tik gaur arte Julen Agirrek eta Elena Chinchillak gidatu dutena.

2020 09 11 iriondo taberna argazki zaharra elgoibar mari angeles anamari iriondo 2020 09 11 iriondo taberna elgoibar MariaAnjeles Iriondo miren

Remigio Iriondo eta Maria Ostolaza senar-emazteek 1942an zabaldu zuten Iriondo taberna. Aurreko urte batzuetan ere martxan zegoen taberna bat leku berean, baina jabeak kanpotarrak ziren eta taberna salgai jarri zuten. Remigiok San Pedro fabrikan lan egiten zuen, baina aukera ona ikusi zuen taberna harekin. Maria sukaldari lanetan aritzen zen, eta bere ahizpa Ana joaten zen tabernan laguntzea. Florita Oñederra umeak zaintzen aritzen zen. Gerora, zerbitzari gehiago ere izan zituzten. Neska gazte askorentzat lehenengo lana izan zen Iriondonekoa, eta gehienek ezkondu arte jarduten zuten han. Remigiok berak ere makina bat lan egiten zuen tabernan fabrikatik irten ostean, hasiera batean bi lanak uztartzen jardun zuen-eta. Gerora, tabernak martxa hartu zuenean, fabrika utzi zuen, buru-belarri tabernari lanetan aritzeko, eta horregatik herrian jende askok Remigio izenarekin ezagutzen du gaur egun ere Iriondo. Taberna hartu eta urte gutxira taberna gaineko lehen solairuan etxea erosi zuten, eta han jaio ziren bikotearen bi alabak: Maria Angeles 1944an, eta Ana Mari, 1946an. Jose Miguel, seme nagusia 1940an jaio zen, taberna hartu baino urte eta erdi lehenago. Hiru seme-alabetatik Maria Angeles bakarrik bizi da gaur egun Elgoibarren. 76 urte ditu, eta burua argi. Ondo gogoan ditu tabernako gorabeherak, eta irribarrez gogoratzen ditu orduko kontuak. Etxea zuten taberna iriondotarrek, eta beraien lanbidea izateaz gain, bizitzaren zati handi bat ere han egiten zuten. Bertan bazkaltzen zuten egunero, eta Eguberrietako ospakizunak ere tabernan egiten zituzten. Seme-alabak nagusitu ahala, Maria Angeles eta Ana Mari ere tabernan hasi ziren zerbitzari lanetan. Garai hartan familietan ohikoa zen alabak etxean gelditzea eta semeak fabrikara joatea, eta iriondotarrenean ere halaxe izan zen, seme nagusiak ere tabernan laguntzen zuen arren. Elgoibarko taberna garrantzitsuenetarikoa zen Iriondo. Garai hartan ez zegoen 634 errepidea, eta trafikoa gaur egun Pedro Mugurutza etorbidea den kaletik pasatzen zen. Horrez gain, Maala ingurune horretan fabrika asko zeuden, bai Pedro Mugurutza kalean eta baita Ermuaranbiden ere, eta lantegi horietako langileak ohiko bezeroak ziren tabernan. Bazkaltzera joaten ziren asko, baina gehienak bazkalosteko kafea hartzen zuten Iriondonean, lanera joan aurretik. “Kafea, kopa eta purua”, esan du Maria Angelesek. Gizonezko kuadrilla asko karta-jokoan egitera joaten ziren, eta mahaiek kuadrillen izena hartu zuten: “Etxekoak ginen denok”.

2020 09 11 iriondo taberna elgoibar julen agirre elena chinchilla

Julen Agirrek eta Elena Chinchillak ekin zioten Iriondo tabernaren etapa berriari 1998an. 22 urte egin dituzte Iriondo tabernan, eta abuztuaren 30ean izan zuten azken eguna.
Irailak laugarren eguna du gaur. Julen Agirre eta Elena Chinchillarekin daukagu hitzordua, lau egun lehenagora arte elgoibartarren bilgune eta beraien etxe izan den Iriondo tabernan. Ezohiko itxura dauka tabernaren atariak. Aulkiak eta mahaiak jasota daude, toldoa itxita, eta argiak itzalita. Atea ere giltzapetuta dago, baina barrualdean mugimendua somatzen da. Julen eta Elena dabiltza lanean, dena jaso eta taberna husten. Kafe makina oraindik martxan daukate, eta hori izango omen da itzaltzen azkena. Kafe baten bueltan eseri gara, eta hizketan hasteaz bat, nostalgiak harrapatu ditu biak. Hunkituta daude, eta malko bat edo beste ere isuri dituzte, taberna bat baino askoz gehiago izan delako Iriondo beraientzat: etxe eta bizimodu izan dute Iriondo, eta han lanean jardun dutenak “familia modukoa” osatu dute.