"Ez dugu ezkutatzen datuekiko kezka", adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak. Astetebean 25.000 PCR proba egin dituzte; atzo, 4.997 eta emaitzek erakutsi dute kutsatzeak gero eta gehiago direla. 115 lagunek positibo eman dute eta horiei eta haien etxeko eta gainerako kontaktuei zuzendu zaie sailburua. Bakartzeko eta berrogeialdian nola jokatu behar duten ondo informatzeko eskatu die. Arduraz jokatzeko eskatu du behin eta berriro Murgak eta gogorarazi du ezin dela hamar lagunetik gorako taldeetan batu, arriskurik handiena hor dagoelako.
Neurri zorrotzagoak ere iragarri ditu Osasun sailburuak. Batetik, udalekuak bertan behera lagatzeko eskatu die Udalei, Eudelekin batera hartutako erabakian, eta hala egingo dutela baieztatu dute Elgoibarko eta Mendaroko udalek. Elgoibarren, Udalak eta Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika taldeak antolatu dituzte elkarlanean udalekuak, eta Mendaron, Udalak antolatu ditu, baina Elgoibarko Izarrak kudeatzen ditu. Jaurlaritzaren aginduak biei eragin die.
Bestetik, adinekoen zentroetako joan-etorriak ere mugatu dituzte. Atzo, itxi zituzten Elgoibarko, Eibarko eta Mendaroko eguneko zentroak, baina gaur gainerako guztietara ere zabaldu dute araua. Gutxienez astebetez egongo dira itxita. Zahar etxeetan, egoiliarrek ezingo dute kalera irten eta bisitan senide bakarra joan ahal izango zaie.