Osasun Sailak azken egunetan eman dituen kutsatse datuei erreparatuta, Elgoibarren koronabirus kasu berriak atzeman dituzten arren, koronabirusaren transmisio komunitariok ez dagoela nabarmendu dute udal agintariek. "Kutsatuak, pertsona gazteak dira, ikasturte bukaerako eta selektibitateko ospakizunekin lotutako kasuak dira. Egoera momentuz kontrolpean dago", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten oharrean.
Edonola ere, bai Osasun Sailetik, eta bai Udaletik ere, arduraz jokatzen jarraitzeko eskatu diete herritar guztiei. Bizilagunen batek, zalantzaren bat edota sintomaren bat izanez gero, ohiko osasun-zentroarekin harremanetan jartzea gomendatu dute.
Gogoratu dute honakoak direla Covid19 gaitzaren sintoma ohikoenak: eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa. Neurriak errespetatu eta elkar zaintzeko momentua dela gaineratu dute.
Herritarrei lasaitasun mezu bat helarazi nahi die Udalak. "Hurrengo egunetan datu epidemiologikoen jarraipen zorrotza egingo dugu, eta horien bilakaeraren arabera, eta egoerak hala eskatzen badu, martxan jarri daitezkeen prebentzio neurri osagarriak aztertuko dira hedapenik egon ez dadin".
∞Lotura duten albisteak:
- King-Kong taberna ixtea erabaki dute badaezpada, senide batek positibo eman duelako Covid19aren PCR proban (2020-07-17)
- Beste koronabirus kasu bi atzeman dituzte Elgoibarren PCR proba bidez (2020-07-17)
- Maskaren erabilera derrigortuko du Jaurlaritzak gauerditik aurrera (2020-07-15)
- Beste koronabirus kasu bat hauteman dute Elgoibarren (2020-07-15)
- Koronabirus kasu bat atzeman zuten asteburuan Elgoibarren (2020-07-13)