Beste koronabirus kasu bi atzeman dituzte Elgoibarren PCR proba bidez

Barren.eus 2020ko uzt. 16a, 12:59

Osasun Sailak jakinarazi berri duenez, beste koronabirus kasu bi atzeman dituzte Elgoibarren, atzo egindako PCR probetan. Guztira, beraz, lau kasu zenbatu dituzte aste honetan, zapatuan eta astelehenean beste bi atzeman zituztelako. Dei berezia egin die gaur Osasun Sailak uztailaren 8tik 12ra Zarautzen ikasturte bukaerako ospakizunetan izan ziren gazteei eta etxean gelditzeko eskatu die.

 Osasun Sailak eguerdian zabaldu du txosten eguneratua. Txosten horren arabera, atzo 4.815 proba egin zituzten guztira: 4.425 PCR proba eta 390 test azkar. PCR bidez 58 kasu atzeman zituzten: 5 Araban, 20 Bizkaian, 31 Gipuzkoan, eta 2 Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik kanpora bizi diren pertsonetan. Test azkarren bidez 21 kasu atzeman zituzten. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzioa adieraz dezakete. 

Bestalde, azkeneko egunotan PCR positiboa izan duen pertsona bat hil zen atzo, eta COVID diren edo izan diren lau pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean.  Lau lagunek, berriz, sendagiria jaso zuten atzo. Datu hauekin batera, bi mezu ere zabaldu ditu Osasun Sailak. Batetik, uztailaren 8tik 12ra bitartean ikasturte amaiera ospatzen Zarautzen izan diren gazteei etxean gelditzeko eskatu diete eta dagokien osasun-zentrora deitzeko PCR proba egin diezaioten. Bestetik, Ordizian ostalaritzaren arloan hartu dituzten neurri murriztaileak Zarautzera, Tolosara eta Eibarrera zabaldu dituzte. Neurri horiek bihartik aurrera aplikatuko dira. Hiru herri horietan ere ostalaritza-establezimenduen edukiera %50era mugatuko dute, barran kontsumitzea debekatu dute, eta establezimenduek, gehienez ere, 23:30ean itxi beharko dute (Txokoei eta elkarte gastronomikoei ere eragiten die neurriak). Era berean, jaiak, dantzaldiak eta ekitaldi herrikoiak ere bertan behera geratuko dira.