Beste koronabirus kasu bat hauteman dute Elgoibarren

Barren.eus 2020ko uzt. 15a, 09:58

Uztailaren 13an egindako PCR probetako batean positibo eman zuen Elgoibarko bizilagun batek. Zenbait astean koronabirus kasurik gabe egon ostean, bi atzeman dituzte azken egunetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eman zituen COVID19 kasu positiboen datu eguneratuak, eta Elgoibarren aste honetan izandako bigarren kasuaren berri eman zuen, joan den zapatuan ere kasu bat atzeman baitzuten Elgoibarren.

Uztailaren 13an 4.262 proba egin zituzten guztira (3.940 PCR eta 322 test azkar). PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 27 dira: Gipuzkoan 14, Bizkaian 11 eta Araban 2. Test azkarren bidez 36 dira hautemandako kasu berriak. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Azken hiru egunetan ez dela hildako berririk egon jakinarazi du Osakidetzak. Gaur, berriz, uztailaren 14ko datuak eman ditu Osakidetzak. Elgoibarren eta Mendaron ez dute koronabirus kasurik atzeman, baina bai Debabarrenean. Hiru kasu berri Eibarren eta bat Deban. Gipuzkoan 41 dira azken 24 orduetan hauteman dituzten koronabirus kasu berriak.
Dagoeneko, Elgoibarren, 49 kasu erregistratu dira Osakidetza datuak jasotzen hasi zenetik, eta datuek erakusten dutenez, 1.000 biztanletik 4 dira gaixotu direnak. Izan ere, Elgoibarren 414,3koa da kutsatuen 100.000 biztanleko tasa. Udalerrietako tasa kalkulatzeko positibo kopurua eta EUSTATen arabera udalerri bakoitzeko biztanle kopurua hartzen dira kontuan. Elgoibarrek 11.585 biztanle ditu. Birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa %1,63an dago EAEn.
Mendaron lau dira hautemandako koronabirus kasu ofizialak eta 187koa da kutsatuen 100.000 biztanleko tasa.