Aurretik ere banatu zituen maskara batzuk Eudelek, apirilaren 20an, baina akastunak ziren, eta erretiratu behar izan zituzten. "Ailegatu zitzaizkigunean zabaltzeko astirik ere ez genuen eduki, Eudeletik denak bueltatzeko eskatu baitziguten berehala. Goman zuten akatsa, dirudienez", azaldu du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.
Euskadiko Udalen Elkarteak eguenean amaitu zuen erretiratutako 300.000 maskaren ordezkatze prozesua. Aurrekoan bezala, maskarak EAEko 252 udalerrien artean banatu dituzte. Populazioaren arabera banatu dituzte. Arabako udalek 43.750 maskara jaso dituzte; Bizkaikoek, 145.000 eta Gipuzkoakoek, 107.000.
"Justu, premia handiena dagoen garaian iritsiko dira", adierazi du Gorka Urtaranek, Eudeleko presidenteak. "Normaltasunera apurka itzultzean, beharrezkoa da maskarak erabiltzea garraioan, lantokietan, merkatuetako eta komertzio- eta ostalaritza-establezimenduetako sarbideetan eta abar", azaldu du.
• Zerbitzu eta merkataritzako dendetan banatzeko
Elgoibarko Udalak 2.000 maskara jaso ditu Eudedeletik, eta zerbitzu eta merkataritzako dendetan banatuko dituzte. "Maskara sorta honekin ezin gaitezke herritar guztiengana iritsi, eta, hortaz, maskarak lortzeko zailtasun gehien duten merkatarien artean banatzea erabaki dugu, bezeroei segurtasuna eman eta dendarien egunerokoa errazteko", esan du Ane Beitiak. Alabaina, laguntza gehiago ere espero ditu Udalak. Gipuzkoako Foru Aldunditik ere jasoko dituzte maskarila gehiago eta horiek ere banatuko dituztela esan dute. Edonola ere, herritarrek birusari eusteko higiene -eta osasun- neurri egokiak jarraitzea funtsezkoa dela nabarmendu du Elgoibarko alkateak. Herritarrei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die, elkarren arteko distantziak mantentzeko, higiene neurriak betetzeko eta oro har Osasun Sailetik zabaldu dituzten neurri guztiei kaso egiteko.