Ertzaintzak herritarrei gogora arazi die alarma-egoeran ezarritako konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar dela, eta debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara edo aisialdikoetara joatea. Baimendu gabeko bidaiak eragozteko, eta, batez ere, San Joseko jai-zubira begira, Ertzaintzak eta udaltzainek kontrol gehiago ezarriko dituzte errepideetan eta garraio publikoan.
Ez da hori Ertzaintzak hartuko duen neurri bakarra. Komunikatu batean adierazi dute ertzainek aukera izango dutela errepideak ixteko eta ibilgailu jakin batzuen sarbideari murrizketak ezartzeko, betiere segurtasun edo osasun publikoko arrazoiak direla medio. Gidariei bidaia justifikatzeko arrazoi bat eskatuko diete, "egiaztatu" daitekeena. Ibilgailuan lagun bakarra joatea gomendatzen du Ertzaintzak, eta gehienez bi lagun joan daitezke ibilgailu bakoitzean. Hala egiten denean, bigarren bidaiariak atzeko eskerlekuaren eskuineko aldean eseri beharko du, ezarritako segurtasun distantzia errespetatuz.