Konfinamendua ezarriko du Espainiako Gobernuak

Barren.eus 2020ko mar. 14a, 23:13

 

Etxean gelditzera deitu du Espainiako presidenteak eta estatu osoko herritarron mugimenduak mugatuko dituztela jakinarazi du. Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri gogorragoak agindu ditu. "Derrigorra" den kasuetan bakarrik irten ahalko da etxetik. Salbuespenak zeintzuk diren ere zehaztu du: elikagaiak eta botikak erostera joateko, lantokira joateko, beti ere telelana egin ezin denean eta etxera itzultzeko, osasun zentroetara joateko, pertsona edadetuak, adingabeak, mendekoak eta ahulak zaintzeko, banketxeetara joateko edota ezinbesteko joan-etorriak egiteko eta gasolinaz hornitzera joateko. Hau da, oinarrian, elikagaiak eta botikak erosteko eta lanera joateko (ezinbestekoa denean eta telelana egin ezin denean) baino ezingo da irten etxetik. Era berean, kultur eta kirol eremuko ikuskizun guztiak (jaiak eta berbenak barne) bertan behera lagatzeko eta ostalaritza arloko komertzioak eta "beharrezkoak ez diren dendak" ixteko ere agindu du. Txikikazko komertzio guztiak ixteko esan du, baina salbuespen batzuk ezarri ditu hor ere: ekipamendu teknologikoak saltzen dituztenak, kioskoak, tindategiak eta ile apaindegiak, eta bereziki azken bi horiek sartzeak zeresan handia sortu du sare sozialetan. Enpresei berriz telelanaren alde egiteko eskatu die eta itxi beharrik izango ez duten saltoki eta enpresei gomendioak jarraitzeko eta ezarritako metro eta erdiko distantzia gordetzen dela bermatzeko agindu die.

Pedro Sanchezek argi esan du alarma egoera honetan ezarri dituzten murrizketek eta bestelako neurriek ondorioak izango dituztela ekonomian. Horren harira ekonomiari laguntzeko lau neurri ezarri ditu: langile, enpresari eta familientzako laguntzak agindu ditu, bai eta jarduera ekonomikorako laguntzak ere, kaleratzeak saihesteko neurriak hartuko dituztela ere esan du eta baita koronabirusaren kontrako txertoa sortzeko laguntzak ere agindu ditu, zehaztu gabe zenbatekoak.