Koronabirusa zabaltzen ari da, eta ondorioz, euste neurriak zorroztera derrigortuta gaudela nabarmendu du lehendakariak, Aholkularitza Batzordeak hartutako neurrien berri emateko ezohiko agerraldian. 104 kasu gehiago baieztatu dituzte Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, atzotik 50 gehiago: 32 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan, eta atzotik, beste bost lagun hil dira: lau Araban eta Bizkaian bat. Nafarroan, bestalde, beste hamasei kasu baieztatu dituztela jakinarazi du Gobernuak, eta guztira 146 direla. Beraz, 657 kasu daude guztira Hego Euskal Herrian.
Egoera "oso da larria" eta "ezinbestekoa" da beraz neurriak zorroztea. Jaurlaritzak oraintsu jakinarazitako neurriak bihar sartuko dira indarrean, gaur argitaratuko direlako Aldizkari Ofizialean, baina, hala ere, neurri horiek gaurtik bertatik hartzeko gomendioa egin du Urkulluk. Era berean, jakinarazi du hamabost eguneko iraupena izango dutela, baina gerta daitekeela egun gehiagoz luzatu behar izatea. Herritarrek "ardura" hartu behar dutela nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak ere. Egunotan saltoki handietan ikusten ari garen irudien harira, lasaitasun mezua zabaldu dute, eta oinarrizko elikagai eta bestelakorik ez dela faltako nabarmendu dute. Horren harria, eta beharrezko balitz, farmazien eta saltokien ordutegia bi orduz luzatzeko aukera aztertzen ari direla ere zehaztu du Urkulluk. Era berean zehaztu dute ostalaritza jardueren itxierak ez diela eragiten etxez etxeko zerbitzua ematen dutenei eta hoteletan gaua igarotzeari, beti ere metro eta erdiko aldea mantentzeko aukera eskaintzen badute.
Konfinatzera behartzeko aukerarik ikusten ote duen galderari erantzunez, Urkulluk esan du erabakiak "profesionaltasunez eta arduraz" jokatzen ari direla era erabakiak "momentuaren arabera" hartuko dituztela. Neurriak betetzen ez dituenarentzat zigor administratiboak izango direla ere gehitu dute.