Osasun larrialdiko egoera deklaratu du Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egunez egun hazten ari delako koronabirusak kutsatutakoen kopurua. Birusari aurre egitea erronka globala dela esan du goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, eta prebentzio neurriak hartu egin behar direla gogorarazi du. Birusa ahalik eta gutxien hedatzea funtsezkoa dela ulertuta, eta osasun-sistema ez kolapsatzea denon eginbeharra delakoan, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunean hainbat neurri hartu ditugu, tartean martxorako programatutako ekintzak bertan behera lagatzea.
BARREN astekaria eta Barren.eus webgunean informatzen jarraituko dugu hala ere, epe laburrean ez dugulako ikusten horretarako zailtasunik. Dena den, ahal dugun neurrian, etxetik lan egingo dugu Elgoibarko Izarrako langileok, elkar kutsatzea saihesteko eta mugikortasuna murrizteko. Aita Agirre eraikina hamabost egunerako itxi du gaur Elgoibarko Udalak, eta beraz, telefonoa eta e-posta izango dituzue gurekin harremanetan jartzeko bideak.
- Elgoibarko Izarra: 943 741 626 / 643 499 169
- BARREN: 943 744 112 / 688 634 044 / barren@elgoibarkoizarra.eus
- Berbazulo egitasmoa
- Udaberri festa
- Aldenik-Aldeneko ekintzak
- Kiribilduz egitasmoko ekintzak
- Euskaraldiko aurkezpenak
- Apirilaren 1erako deitutako Batzar Orokorra