Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea Gipuzkoa eta Bizkaia osora zabaltzea erabaki dute, aurrez Araban egin duten moduan. Irakasleak eta gainerako langileak euren ohiko ordutegian lantokietan egongo dira. Izan ere, "ahal duten neurrian" ikasleek etxetik ikasten jarraitzea da helburua, Cristina Uriarte Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez. Irakasleek material didaktikoa prestatzeko eta ikasleen eskura jartzeko betebeharra izango dute. Ikasleentzako eta gurasoentzako mezua ere zabaldu du Uriartek: "Ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten".
Ikastetxeak ixteko eta eskolaz kanpoko jarduerak eteteko erabakiak soka luzea ekarriko du atzetik. Mendaron, esaterako, itxi egingo dituzte ludoteka, gaztelekua, Musika Eskola eta liburutegia bihartik aurrera. Arno Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, eskola kiroleko ekintzak ere bertan behera utzi dituzte, Motxaila Eguneko ekintza guztiekin egin duten moduan. Elgoibarren, momentuz, bertan behera geratu da Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa ere. Larunbatean ziren jokatzekoak pilota gozoko finalerdiak Ikastolako frontoian.
Osasun Sailburu Nekane Murgak koronabirusari buruzko azken datuak eman ditu 13:00etan eman duen prentsaurrekoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 346 pertsonek eman dute positibo koronobirusagatik, eta horietatik 147 daude ospitalean. Hildakoak 11 dira, atzo baino hiru gehiago. Gipuzkoan 16 positibo dituzte atzemanda; horietako sei daude ingresaututa.
∞Lotura duten albisteak:
- Motxaila Eguna bertan behera gelditu da (2020-03-12)
- Jubilatu etxeak itxiko dituzte Elgoibarren eta Mendaron ere, Osasun Sailaren gomendioz (2020-03-12)
- Koronabirusari aurre egiteko neurriak eman ditu Jaurlaritzako Osasun Sailak (2020-03-10)
- Koronabirusarekin lotutako protokoloak aktibatzen hasi dira (2020-03-06)
- Ion Sanchez: “Txinatarren erantzun zorrotzak eragotzi du koronabirusa gehiago zabaltzea” (2020-02-14)