Koronabirusarekin lotutako protokoloak aktibatzen hasi dira

Barren.eus 2020ko mar. 6a, 14:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak nagusien 135 egoitza eta zentrori helarazi die Osakidetzak diseinatutako protokoloa, tartean San Lazaro egoitzari, eta dagoeneko hasi direla aplikatzen jakinarazi dute. Elgoibarko Udalak ere eman du Koronabirusari buruzko informazioa, eta ez kutsatzeko aholkuak, eta herriko farmazietan ere ari dira igartzen jendearen kezka.

Elkarren artean kutsatzeko arrisku handia duten, edo arrisku-taldeetako erabiltzaileak dituzten zentroetan hasi dira koronabirusari aurre egiteko protokoloak aktibatzen. San Lazaro egoitza da horietako bat. Osakidetzak diseinatutako protokoloa abiatu dutela jakinarazi dute egoitzako arduradunek, protokolo hori zein den ezin dutela argitu zehaztu badute ere. 

Osakidetzak jakinarazi du protokoloa etengabe berrikusten ari direla, koronabirus berriak (SARS-CoV-2) eragindako infekzioari buruzko informazio eguneratuaren eta eboluzioaren arabera. Gaur gaurkoz, guztira, 48 pertsona daude kutsatuta Euskal Herrian. Gipuzkoan, bi pertsona daude kutsatuta, horietako bat ospitalean. Aretxabaletarra da Gipuzkoan koronabirusa konfirmatu zioten lehen pertsona. Hona hemen goiena.eus-en egin zioten elkarrizketa. (Koronabirusaren gaineko informazioa tokiko hedabideetan)
Elgoibarko Udalak ere zabaldu ditu Koronabirusa prebenitzeko Osakidetzak emandako gomendioak. Eraikin publikoetako sarreretan zintzilikatu ditu ohar orriak. Hona gomendioak Osakidetzaren bideo labur honetan azalduak: 

 • Maskarak agortuta farmazietan
Elgoibarko farmazietan agortuta daude maskarak, Gipuzkoa osoko farmaziekin gertatzen ari den modu bertsuan. Gel esterilizatzaileak ere berehala agortzen zaizkiela jakinarazi du herriko farmazia bateko arduradunak, baina gehiago ekartzeko aukera dutela horiekin, maskarekin ez bezala.

Osakidetzaren webgunean aurki daitezke Koronabirus berriaren aurrean jarduteko informazioa eta gomendio orokorrak eta honakoa da Osasun Aholkuaren telefonoa: 900 203 050.

 

2020 03 06 koronavirus aholkuak elgoibar udaletxea oharrak 2020 03 06 koronavirus aholkuak elgoibar udaletxea