Hala, joan den urtarrilaren 22an eta 24an, Elgoibarko Ikastolako Lehen Hezkuntzako hainbat ikaslek Uparitzaga kalean eraiki duten Eguneko Zentro berria bisitatu zuten. Bertan, zentroko terapiaren baitan, orientazioa -denbora, espazioa eta pertsonala- lantzeko erabiltzen den murala egin zuten elkarrekin, neguko murala hain zuzen ere.
Eguneko Zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, elkar ezagutzeko aukera paregabea izan zen eta dantza pixka bat egiteko aukera ere izan zuten. Zentroko erabiltzaileek asko eskertu zuten bisita eta ikasleek ere, aldi berean, adineko pertsonengandik ikasteko aukera izan zuten. Bi aldeetatik, elkarlanean antolatutako esperientzia honen inguruko balorazioa "oso positiboa" izan da.
Udaberrira begira, beste saio batzuk egitea aurreikusten dute. Udaberriko murala, esaterako, Herri Eskolako ikasleekin egingo dute, eta psikomotrizitate ariketak Elgoibarko Ikastolakoekin. Gogoratu beharra dago, abenduan, Herri Eskolako ikasleek Eguneko Zentroko erabiltzaileak gonbidatu zituztela Eguberri kantak entzun eta abestera.
∞Lotura duten albisteak:
-
Herri Eskolako ikasleek eta Eguneko Zentroko erabiltzaileek elkarrekin abestu dituzte Eguberri kantak (2019-12-21)
- Eguneko Zentroa Uparitzaga kalera lekualdatuko dute (2019-09-05)
- Uparitzaga kalean eraikiko duten eguneko zentro berriak 30 laguni zerbitzua emango dio (2019-01-23)