Izena emandako lagunekin txandak antolatuko dituzte gero. Bai barixakuan (azaroak 22) eta bai zapatuan (azaroak 23), 9:00etatik 21:30etarako ordutegia betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dira.
Janari bilketan boluntario izan nahi duten lagunek hainbat modu dute izena emateko: arreta@elgoibar.eus e-postara idatzita, 943 741 050 telefonora hots eginda edota Herritarren Arreta Zerbitzuan-HAZ (Santa Ana 2, behea).
Janari bilketaren inguruan hainbat ohar eman dituzte antolatzaileek:
- Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.
- Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.
- Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.
Elgoibarren jasotzen diren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dituzte. Bertatik, gure zonaldean behar duten familien artean banatuko da bildutakoa. Elikagaien bankutik ohartarazi dutenez, urtetik urtera gora egin du laguntza behar duten familien kopuruak.
- 2013an 6.565 Kg elikagai bildu ziren
- 2014an 9.980 Kg elikagai bildu ziren
- 2015ean 16.550 Kg elikagai bildu ziren
- 2016an 12.524 Kg elikagai bildu ziren eta 2.583 euro bonotan.
- 2018an 9.046 kilo eta 5.544 euro bontan