Iñaki Odriozola eta Hodei Otegi Elgoibar 1936 taldeko kideek zuzendu dute omenaldi ekitaldia. Mauxitxa txarangakoek lau kantu jo dituzte: 36ko Gerran CNT sindikatuaren ereserki bihurtu zen Barrikadetara kantua, Bella Ciao Bigarren Mundu Gerrako abesti italiarra, Viva la quinta brigada bando errepublikarreko soldaduek 36ko gerran errekuperatu zuten kantua, eta bukatzeko, ekitaldi bukaerako kantua izan dena: Eusko Gudariak. Iñaki Odriozolak eman ditu azalpenak, eta Haritz Euskal Dantzari Taldeko Ane Espilla eta Aitor Asenjo dantzari gazteek agurra eskaini diete bertaratutakoei, txistularien laguntzaz. Ondoren, Hodei Otegik banan-banan irakurri ditu Frankismoan preso egondakoen izen-abizenak, eta txaloka erantzun dute ekitaldira batutakoek. Ekitaldia bukatzeko, lore eskaintza egin dute Kolunbarioan, urtero legez.