“Bidegorria egiteko lanek ez dute atzera bueltarik. Proiektua gaur bertan onartu da eta laster aterako dira lanak lehiaketara. Argitaratu eta jarraian, hilabeteko epea egongo da eskaintzak aurkezteko. Gauzak horrela, lanak 2019ko udaberrian hasteko moduan izango dira”, adierazi dute gaur eguerdian Miguel de los Toyosek eta Marisol Garmendiak elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan.
Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur bertan onartu du Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektua. Bidegorria egiteko lanak hasi ahal izateko prozesuak “oso luze” jo duela onartu dute bi agintariek agerraldian, “baina lanek dauzkaten zailtasun teknikoek” eragindako atzerapena izan dela arrazoitu dute. Izan ere, bidegorriak ia bi kilometro izango dituen arren, ibilbidean oztopo ugari daudenez, horiei aurre egiteko lanak “oso konplexuak” izango direla aurreratu dute: “Besteak beste, bost pasarela eraiki beharko dira bidegorria erreka bien zein trenbidearen gainetik eraiki ahal izateko eta inbertsioa ere oso handia izango da”.
• Bost milioi eurotik gorako aurrekontua
Gaurko bilkuran onespena jaso duen Azitain-Maltzaga (Eibar) bizikleta eta oinezkoentzako bidea eraikitzeko proiektuak 5.171.494 euroko aurrekontua dauka. Diputatuen Kontseiluak lanak egiteko baldintza administratibo berezien agiria onartuta, “erantzuna eman die jendaurreko informazio aldian aurkeztutako alegazioei. Proiektua aurtengo irailean idatzi da, eta bertan jaso dira URA Uraren Euskal Agentziak egindako oharrak eta Bide Azpiegituretako Departamentuak urrian emandako aldeko txostena”. Bizikleta eta oinezkoentzako bidearen trazatua bi zati handitan banatu da, lehenengoa 1.000 metro luzekoa, eta bigarrena 870 metrokoa. Zati horietako bakoitza modu independentean egin daiteke, kontratuaren xedea bi lotetan banatuta. 1. lotearen lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.987.116,23 euro da, eta 2. lotearena 3.184.377,84 euro; beraz, bi loteen lizitazioaren prezio metatua 5.171.494.07 euro da, eta lanak egiteko epea 10 hilabete loteetako bakoitzarentzat. Alabaina, proiektuan 15 hilabeteko gehieneko epe bat aurreikusten da, baldin eta proiektatutako obra, osorik, enpresa bakar bati esleitzen bazaio.
Diputaziotik diotenez, “Eibar-Maltzaga bidegorria irekiz hobetu egingo da Debabarrenaren mugikortasunerako erabakigarria den bidezati bat, horrekin osatu egingo baita Eibarren eta Elgoibarren arteko lotura. Bidegorri berriak bi kilometro inguru luze eta hiru metro zabal izango ditu eta Barrena kalea gaur egun zabalik dagoen Elgoibar-Maltzaga bizikleta eta oinezkoentzako bidearekin lotuko ditu”.
• Aurrekontu irekien prozesuan gehien errepikatu zen eskaera
Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi du eskaera hau izan zela gehien errepikatu zena 2016 eta 2017ko aurrekontu irekien prozesuetan. “Bilerak egin genituen bi urte horietan Eibarko jubilatuen elkartearekin, eta, iaz, Unzagan jarritako karpan izan ginen. Topaketa horietako lehenengoaren ondoren, Foru Aldundiak 200.000 euro xedatu zituen 2017ko aurrekontutik proiektua idazteko, eta bigarren topaketan, iazko maiatzean jubilatuen etxean egindakoan, Foru Aldundiak konpromisoa hartu zuen, batetik, proiektua aurten lizitatzeko, eta, bestetik, obraren bilakaeraren nahiz ematen joango diren pauso administratibo guztien berri ematen jarraitzeko.
“Herritarren inplikazioa eta, bereziki, jubilatuen elkartearena, funtsezkoa izan da eskualdeko lehentasunetako eta premietako asko (bidegorri hau edo Deba-Mutriku errepidea hobetzea) aurtengo aurrekontuetan jaso izateko eta behin betiko gauzatze bidean izateko, udalerri horietako bizi kalitatea hobetuz”, adierazi du amaitzeko.
∞Lotura duten albisteak:
-
Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektua aurkeztu dute agintariek (2018-03-14)
- Aldundiak 1,5 milioi euro bideratuko ditu aurten Eibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiteko (2018-02-21)
- Azitain-Maltzaga bidegorri zatia egiteko proiektua idatziko dute datozen hilabeteetan (2017-03-21)
-
Hondoratzeko arriskua dagoela-eta itxi dute bidegorria (2016-03-02)
- Auto bat erori da A8 autobidetik Maltzagako bidegorrian, beste behin ere (2014-11-30)
-
Elgoibar eta Ermua lotuko dituen bidegorria eskatzeko sinadura kanpaina hasi du Esperientzia Eskolak (2014-05-20)
- Elgoibartik Ermuraino, bizikletaz eta trafikorik gabe (2009-11-11)
- Bidegorriak: bata prest eta gehiago bidean (2009-09-17)
- Hasi dira Maltzaga eta Andikano arteko bide gorria egiteko lanak (2009-03-24)
- Bide Gorria egiteko lanak Murias enpresari esleitu dizkio Diputazioak (2008-11-27 elgoiBARREN.net)
- Urte bukaeran hasiko dira Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiten (2008-05-07 elgoiBARREN.net)
- Atzeratu egin dira bide gorria egiteko lanak (2007-10-24 elgoiBARREN.net)
- Bide gorria egingo dute Andikano eta Maltzaga artean 2007an (2006-11-14 elgoibarren.net)
- Bide Gorriak (Urrutira gabe/Asier Etxaniz)