Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguez, eta Erakunde Publikoetarako zuzendari Pablo García Elgoibarko San Lazaro zahar etxean izan dira gaur Udaleko Alfredo Etxeberria alkaterekin eta egoitza horretako zuzendari den Begoña Mugerzarekin batera, egoitzako egoera bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, egoitza bisitatu aurretik, Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak udal egoitza Diputazioari eskualdatzeko hitzarmena sinatu dute udaletxean, eta beharrezkoa den azken izapidea egin dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin, 2008ko Gizarte Zerbitzuen Legeak xedatutakoa betez. Elgoibarko egoitza Foru Aldundiaren Kabia erakundearen eskuetan geldituko diren lehen bost egoitzen artean dago, eta hitzarmena sinatu duen lehena izan da. Hitzarmenari esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak. Gipuzkoako 16 udal egoitzen kudeaketa, aldiz, 2018. urtea baino lehen hartuko du bere gain Aldundiak.
• Lan baldintzak "blindatu"
Ander Rodriguez pozik azaldu da eskumenak berrantolatzeko prozesuak daraman bidearekin, horri esker erantzun bat ematen baitzaie udalen aldarrikapenei eta Legeak agindutakoa bete baitaiteke. Gainera, Rodríguezek gogorarazi du Foru Aldundiak blindatu egin dituela zentroetako langileen lan baldintzak, udalekin sinatu beharreko hitzarmenetan klausula bat erantsiz lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko zaiela bermatzeko. Era berean, berretsi du ez dela aldaketarik egongo egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere. Elgoibarko San Lazaro egoitzak 35 langile inguru ditu eta 48 egoiliar artatzen ditu.
• Kabia, hiru fasetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu du Gipuzkoako 16 udal egoitza horien kudeaketa bere gain hartzeko, eta prozesua hiru fasetan osatuko da. Aurten bertan, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako egoitzekin hasiko da prozesua, eta gero Lasarte-Oriakoa gehituko zaie. 2016rako Kabia organismoak beste sei egoitza kudeatuko ditu: Andoain, Arrasate, Eibar, Errenteria, Irun eta Pasaiakoak. Bukatzeko, Bergara, Hernani, Oñati, Ordizia eta Tolosako egoitzak pixkanaka pasako dira Foru Aldundiaren eskuetara 2017 eta 2018an. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako egutegia beteko da, eskumenen eskualdatzea osatzeko 2018. urtea jarri baitzuten epemuga gisa.
• Begoña Mugerzari omenaldia
Datozen hilabeteak, kontratua esleitu artekoak, "trantsizio" hilabeteak izango direla azaldu du Ander Rodriguezek. Epe horretan, gaur egungo kudeatzaileekin elkarlanean arituko dira kudeatzaile berriak. Lan horretan, egoitzako zuzendari den Begoña Mugerza izango dute bidelagun. 26 urte egin ditu Begoñak San Lazaron lanean eta erretiroa hartuko du hilabete gutxi barru. Bere azken lana izango da elkartearen funtzionamenduaren berri ematea aldundiko arduradunei. "Esperientzia handia pilatu du urte hauetan eta oso baliagarria izango zaigu", adierazio du Rodriguezek. Alfredo Etxeberriak ere goraipatu egin du Mugertzak egoitzaren kudeaketan eginiko lana. "San Lazaro egoitza erreferente bat da gainerako zahar etxeentzat, eta Begoña Mugerza da hori horrela izatearen erantzule nagusiena", esan du Etxeberriak. Urte luzez egindako lanaren esker onaren adierazle, oroigarri bat eman diote Mugertzari.
- San Lazaro egoitza Kabiari eskualdatzeko oniritzia jaso da (2015-03-31)
- Alfredo Etxeberriak salatu du San Lazaro egoitzaren kudeaketa zuzena zigortu nahi duela Aldundiak (2014-10-20)
- Akordioa sinatuta, lanera itzuliko dira bihar San Lazaro egoitzako langileak (2013-06-18)
- Alfredo Etxeberriak dio prest daudela dirua jartzeko San Lazaro egoitzako lan gatazka konpontzeko (2013-06-14)
- Egoitzako greba dela-eta, egoiliarren kuotak murriztuko dituzte San Lazaro egoitzan (2013-05-29)
- San Lazaro egoitzako lan gatazka: alde guztien ikuspuntuak (2013-05-24)
- San Lazaro egoitzako langileek egun osoko protesta hasi dute (2013-05-13)
- Udalak adierazi du ez daukala erantzukizunik zahar etxeen auzian (2013-05-18)
- Eguneko zentroa kudeatzen duen enpresarekin akordiorako oinarriak lotu ditu ELAk (2013-05-16)