Pablo Garrido elgoibartarrak joan de ekainaren 9an Eibarko Ertzainetxean egindako salaketaren arabera, Deban bizi zen Ljadra Said Hannuha amarekin eta ahizpa batekin batera Aljeriara, El Aaium kanpamentura, joan zen oporretan 2017ko azaroan. Hilabete baterako joan ziren arren, hurrengo hilabeteetan ez zuen neskaren berririk izan, eta, kezkatuta, whatsapp bidez bere lagunarekin kontaktuan ipini zen Garrido. Familiakoek Espainiako pasaportea eta telefono mugikorra kendu zizkiotela eta etxean, gela batean giltzaperatuta zeukatela erantzun zion neskak. Mugikorren bat lortzen zuenean bakarrik jasotzen zituzten mezuok, eta orain bi hilabete guztiz eten zen hartu-emana. Lagunak kontatzen ziena larria zela iritzita, eta Ljadrak berak hala eskatuta, kasua Ertzaintzan salatu zuten. Ikerketak irekita jarraitzen du, eta Ertzaintzak eman dio kasuaren berri Espainiako Polizia Nazionalari ere. Aljeriatik bueltan Eibarren bizi den gaztearen amarekin eta Berrizen bizi den aitarekin berba egin badute ere, ezin izan dute baieztatu Ljadra Said Aljerian bere borontatez dagoen ala ez.
Hori dela-eta, enbaxadaren bitartez, Aljeriako poliziarekin ere jarri dira harremanetan. "Espainiak ez duela eskumenik esan zidaten enbaxadan, baina Interpolek baietz eta haiekin jarri dira harremanetan", azaldu du Garridok.
Ustez bere gogoaren kontra ezkontzeko asmoa dutela uste dute hemengo lagunek, Ljadrak hala azaldu zielako bidali ahal izan zituen azken mezuetan.
Ljadra Saiden lagunen testigantzak jaso zituen eitb-k Eibarren egin zuten prentsaurreko agerraldian.