Musika emanaldi bat eskaintzeko aukeratu daitekeen lekurik ez egokienetakoan aritu dira Baionatik etorritako biolin joleak eta Joseba Olazabal bera, autobidetik pasatzen ziren autoen eta kamioien zaratak biolinen soinu leuna estaltzen baitzuen sarritan. Horretaz kexatzen da, hain zuzen ere, Olazabal, Autobideko joan-etorrien eta kamioien zaratarekin gogaituta, pantaila akustikoak jartzeko eskaera egin du behin eta berriz autobide ondoan dagoen Granja etxean bizi den mendaroarrak. Olazabali elkartasuna adierazi eta panela eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Mañuska parean, Olazabal egoten den lekuan. Autobidearen beste aldean egoten zen lehen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren jakinarazpena jaso eta gero lekuz aldatu zen.
Joseba Olazabal ezaguna egin da azken bi urteetan, A-8 autobideko erabiltzaileen artean, bereziki, autobideko zarata salatzeko duen modu bitxiagatik. Biolina jotzen egoten da batzuetan, txirula besteetan, eta era eta mezu askotariko kartelak jarri izan ditu.
• Paxkal Irigoien abeslariaren ekimena
Gaur Baionatik etorritako musikariek ere autobidetik autoan pasa zirenean ikusi zuten estreinakoz Olazabal. Paxkal Irigoien (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 1988) abeslariak mendaroarraren borrokaren berri izan zuenean Mendarora etorri zen Joseba ezagutzera eta berarekin batera musika jotzera itzuliko zela agindu zion. Halaxe etorri da gaur, hiru lagun musikarirekin batera. Baionatik etorritako musikariak ez dira baina biolina jo duten bakarrak izan gaurkoan. Elkarretaratzean parte hartu duten lagunak eta musikariak plazara jaitsi dira eta Artañola aita alabek hartu diete lekukoa biolinarekin.
Argi geratu da Mendaron: zaraten aurkako protestak, biolin doinuekin.