36ko Gerrako desagertuak eta hobi komunak aztertzeko Aranzadik eratutako lantaldeko buru diharduen Pako Etxeberria auzi-medikuak azaldu duenez, 2009an jaso zuen Aranzadik Miguel Vargasen gorpuzkia izan zitekeena lur azpitik ateratzeko laguntza eskaera. Rabanera del Pinar herriko zenbait bizilagunek markatuta zuten non egon zitezkeen lurperatuta 36ko Gerran eraildako zenbait gizonen gorpuzkiak. "Pinadi batean zegoen lekua, leku zoragarri batean. Bost pertsonaren gorpuzkinak deshobiratu genituen Picón de Valdeabejas hobitik, baina ez zirela bila genbiltzanak konturatu ginen, hezurrak eta aztarnak aztertu eta gero. Beste hipotesi batekin jarraitu genuen lanean. Familiakoei DNA laginak eskatu genizkien eta aurkitutakoekin alderatu ostean, Migel Vargasenak zirela jakin ahal izan genuen", azaldu du Etxeberriak. 36ko Gerran hildakoak identifikatzeko DNA programa abian jarri denetik identifikatu den lehen pertsona izan da Vargas. Bere familia Gipuzkoako zenbait herritan bizi da; urteak zeramatzan bere familiartekoa aurkitzen eta, horretarako, ikerketa historikoa hasi zuten. GOGORArekin harremanetan jarri ziren iaz, Rabanera del Pinarren hobitik ateratako gorpuzkietako bat Miguel Vargas Arnaizena izan zitekeelako susmoa baitzuten. Hori egiaztatu ahal izateko, DNAren lagina hartu zen, eta gorpuzkienarekin erkatu ondoren, identifikazioa berretsi da.
"Pozgarria da, eta aldi berean ohore bat, jakitea istoria honek guztiak amaiera bat duela. Miguel Vargas zenak errekonozimendua jaso duelako bere gorpuzkinak Duintasunaren Kolunbario honetan hobiratuta. Eta, gainera, horrelako kasuetan behar beharrezkoa den erakunde publikoen babesarekin", gaineratu du Etxeberriak. Vargasenak kontuan hartuta, 52 lagunen gorpuzkinak daude une honetan Olasoko kolunbarioan hobiratuta.
• Tolosako bizilaguna urte askoan
Cristian Echeverría Miguel Vargasen birbilobak Olason egin duten ekitaldian azaldu du Miguel Vargas Burgosekoa zela jaiotzaz, baina Tolosa bizi izan zela urte askoan. Irakaslea izan zen eta baita Guardia Zibila ere Sorian. Erretiroa hartu eta gerra hasi aurretik joan zen Tolosatik bere sorterrira, San Millan de Larara (Burgos, Espainia). Han zela, 1936ko irailaren 23an atxilotu zuten eta, egun gutxira, irailaren 27an, fusilatu zuten.
Lehendakariak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Miguel Vargasen gorpuzkiak bi familiartekori entregatu dizkiete eta horiek hobiratu dituzte Duintasunaren Kolunbarioaren nitxoetako batean. Horiez gainera, bertan izan dira Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Ane Beitia Elgoibarko alkatea eta José Manuel Herrero Gaztela eta Leongo Presidentziako idazkari nagusia. Ekitaldia amaitzeko, bertan izan direnek lore-eskaintza egin dute.
• Berazadi eta Arrese gogoan
Elgoibarko hilerrira egin duen bisita baliatuz, Iñigo Urkulluk Angel Berazadi eta Jaime Arrese elgoibartarrak gogora elkarri eta omendu nahi izan ditu. ETAk bahitu eta erail zuen lehena 1976an; eta, Arrese Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten 1980an. Lehendakariak lora eskaintza egin die bata zein bestearen hilobian.