Felisa Bergaretxe Ermuan jaio zen 1915ean. Besteak beste, Koldo Mitxelena euskal idazle, filologo eta euskaltzaina, Orson Welles aktore eta zuzendaria, Ingrid Bergman aktorea, Augusto Pinochet edota Edith Piaf jaio ziren urte berean, hain justu ere. Lehen Mundu Gerra ere hasita zegoen ordurako.
Gazte denbora Ermuan pasa ostean, 18 urte zituela Montalboko kondearen anaia-arreben etxera joan zen Felisa sukaldari lanetan aritzera. Gerra garaian, familiak Negurira alde egin arren, aitarekin geratu zen bera Ermuan. Aita atxilotu zutenean Bilbon egon zen bera zaintzen, eta garai hartan kartoizko panpinak egiten ateratzen zuen eguneroko ogia. Handik Elgoibarrera etorri zen eta taberna ireki zuten. Emakume langilea izanik, tabernan ez ezik Sigman ere aritu zen lanean, josteko makinak probatzen. Tabernako lanetik koinatuaren dendara pasa zen. 34 urte zituelan ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen.
Gazte alargundu zen, ordea, Felisak 38 urte zituela apendizitisak jota hil zen bere senarra. 65 urtera arte dendan egin zuen lan. Politika arloan ere egin ditu bere lantxoak eta hauteskunde garaian noiz edo noiz bere alderdiarentzako (EAJ-PNV) boto eskean eta propaganda banatzen ibili izan da. Erretiroa hartu ostean, pianoa jotzen ikasi zuen eta Musika eskolara joaten hasi zen astero pianoa ikastera.
Felisa Bergaretxek BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketan (BARREN 395. alea PDF) irakur dezakezue bere bizitzari buruzko pasarte gehiago.
∞ Lotura duten albisteak: