Zer suposatzen du haur eta errefuxiatu izateak? edo nola egiten dute lan kanpoko erakundeek? galdera horiek eta beste batzuk proposatuko ditu Iñaki Larrañaga Etxabe elgoibartarrak eguenean (urtarrilak 11), Sutegixan emango duen hitzaldian. Grezian, Patras hiritik 70 bat kilometrora kokatuta dagoen LM Village errefuxiatu-esparruan izan da Larrañaga, eta han bizitakoak eta ikusitakoak partekatuko ditu 18:30ean hasiko den saioan.
Udako opor zentro edo resort bat itxi zuten duela sei urte Grezian, LM Village izenekoa, krisi ekonomikoaren ondorioz, eta harrezkero hutsik zegoen. Siriar jatorriko mediku bat, Nabil-Iosif Morad, aukeratu zuten herriko alkate eta gunea Siriako errefuxiatuak hartzeko erabiltzea erabaki zuen. Hala, 2016ko martxotik 300 errefuxiatu baino gehiago bizi dira bertan, jatorrian turistentzako ziren 38 etxebizitzetan. Errefuxiatuek eurek atondu eta txukundu dituzte bizitokiak eta inguruak.
• Errefuxiatutakoentzako jostailuak bildu dituzte Elgoibarren
The Schoolbox Project erakundeak LM Village errefuxiatu-esparruan prestatu duen behin-behineko eskolara bidaltzeko jostailuak eta eskulanak egiteko materiala jasotzeko bilketa kanpaina jarri zuen martxan Elgoibarko Gazte Asanbladak, abenduan. Orain, bildutakoa bere helmugara ailegatu dadin, bidalketa gastuei aurre egiteko itxulapikoak jarri dituzte honako tabernetan: Iriondo, Derry, Tantaka eta Jai Alai.