Errefusarentzako edukiontzi berriei buruzko informazio puntua hilaren 18ra arte egongo da Sotoan

Barren.eus 2018ko urt. 9a, 14:55

Debabarrenako Mankomunitateak hondakin bilketa sistema berria jarriko du martxan Elgoibarren, errefusarentzat txartel bidez irekitzen diren edukiontzi gris berriak, hain justu ere. Txartela eta beharrezko materialak jasotzeko informazio puntua egongo da Kultur Etxean, urtarrilaren 18ra arte.

Sistema berri hau, gaur egun txartel bidez irekitzen den materia organikoaren edukiontziaz gain, marroi kolorekoa, itxitura elektronikoa eta txartel bidez irekitzen den edukiontzi grisez osatuta egongo da.

Horrela, edukiontzi marroia (organikoa) eta edukiontzi grisa (errefusa) irekitzeko, Debabarreneko Mankomunitatearen txartela beharko da, mugarik gabe bi edukiontziak irekitzeko balioko duena (behar denean bi edukiontziak erabili daitezke).
• Informazio kanpaina
Sistema berriaren inguruko xehetasun guztiak ezagutarazteko materia organikoaren eta errefusaren edukiontzi berrien ezarketarekin batera informazio kanpaina bat egingo dutela jakinarazi du Mankomunitateak. Honela, materia organikoaren edukiontzia erabiltzen duten bizilagun guztiek jasoko dute informazio gutuna eta izena eman ez dutenei gonbitea luzatuko diete gaikako bilketan parte hartzeko materialaren bila informazio bulegotik pasatzeko: edukiontzi aireztatua, poltsa konpostagarriak eta informazio liburuxka. Dagoeneko organikorako txartela duenak, txartel bera erabiliko du edukiontzi grisa irekitzeko, beraz, ez dute informazio bulegotik pasa beharko.
Debabarreneko Mankomunitateak Europak ezarritako birziklapen maila gainditzeko helburuarekin jarriko ditu edukiontzi gris berriak, urtarrilean, Debabarreneko hainbat herritan, tartean Elgoibarren eta Mendaron. 2020rako %50eko birziklapen tasa gainditu nahi dute.

Gainontzeko gaikako bilketarako erabiltzen diren edukiontziak (beira, ontzi arinak eta papera eta kartoia) irekita jarraituko dute, gaur egun bezala.

Txartela eta beharrezko materialak jasotzeko informazio puntua dago Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan, urtarrilaren 8tik 18ra (biak barne). Bulegoko ordutegia astelehenetik barixakura 11:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 14:00etara izango da. 

Informazio gehiagorako, Mankomunitateak ondoko doako telefono zenbakia du eskuragarri 900 10 49 23.

∞ Lotura duten albisteak:

edukiontzi grisa elgoibar sotoan