Zaintzaileen min emozionalari buruzko hitzaldia antolatu du Nuala elkarteak

Barren.eus 2017ko abe. 12a, 15:38

'Zaintzaileak zaintzen. Min emozionalean barrena. Kulpa eta frustazioa' izeneko hitzaldia antolatu du Nuala elkarteak martitzen honetarako, hilaren 13rako. Aniztasun funtzionala eta adimen urritasuna duten pertsonen guraso eta lagunen taldea da Nuala.

Nuala elkartea sortu zutenetik gogor ari dira euren seme-alaben bizitza hobetu eta aniztasun funtzionalak bistaratzeko ahaleginean, benetako inklusioaren alde borrokan. Seme-alaben eskubideak bermatzeko ahaleginean jarri dute lehentasuna Nualara batu diren gurasoek. Helburu horrekin hainbat ekintza egin dituzte Udalaren laguntzarekin, tartean terapia saio ezberdinak. Abendurako bi hitzaldi ere antolatu dituzte gai hau gizarteratzeko eta aliantzak sortzeko helburuarekin. Martitzen honetan, abenduaren 13an, izango da aurrenekoa. 'Zaintzaileak zaintzen. Min emozionalean barrena. Kulpa eta frustazioa' izeneko hitzaldia eskainiko du Amaia Saenz Aurtenetxek, Bideaneko terapeutak, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan. 19:00etan hasiko da saioa.

•Etorkizuna prestatzen hitzaldia
Aurrekoaren ildo beretik, 'Etorkizuna prestatzen' izeneko hitzaldia antolatu du Nualak datorren abenduaren 18rako. Conchi Rodriguez Atzegi fundazioko arduradunak emango ditu azalpenak. Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da hori ere, 19:00etan hasita.